Gaur arratsaldean emango diote hasiera Orioko Bisiguaren Festari, eta dena prest dute antolatzaileek, asteburuan mila otordu inguru emateko. Astelehenean hasi ziren udal langileak plaza ingurua prestatzen eta gaur goizean azken ukituak emango dizkiote aurkezpen ekitaldirako dena dagokion tokian egon dadin.
Aurreko urteetan bezala, gastronomia izango da erregea. Aurten otorduez gain, udalak eta herriko eragileek elkarlean antolatu dituzten ekitaldiek festa egunak osatuko dituzte. Beñat Solaberrietak aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, herritarrekin «elkarlanean» aritu da udala. «Herritarrak festan murgiltzea nahi dugu. Ezinbestekoa da festaren antolaketan inplikatzea».
Egitarau oparoa
Bisiguaren Festak irauten duen lau egunetan zehar pintxo txikiteoa, marmitako dastatzea, bisigu lehiaketa eta hegaluzea dastatzea moduko ekimen gastronomikoez gain, kirol jarduenak eta kultur saioak ere izango dira. Gaur bertan Egunsentia Otxoteak eta Harribil dantza taldea emanaldia eskainiko dute aurkezpen ekitaldian; bihar, berriz, arratsalde partean Giranice musika talde oriotarrak kontzertua emango du Salatxo plazan.
Horretaz gain, larunbat goizean, Bisiguaren bila koadrilen arteko ginkana-triviala jokatuko da plazan. Lau laguneko taldeak osatu behar dira lehian parte hartzeko; izena udaletxean edo 943830346 telefono zenbakira hots eginda eman behar da.
---------------------------------------------
Bisiguaren Festa
EGITARAUA
Uztailaren 19a, gaur.
- 20:00etan, Bisiguaren Festa aurkeztu eta inauguratuko dute plazan. Harribil Dantza Taldeak eta Egunsentia Otxoteak parte hartuko dute aurkezpen ekitaldian.
- Jarraian pintxo-zirkuitua aurkeztuko dute. Taberna bakoitzak bere pintxo proposamena aurkeztuko du. Pintxo zirkuituaren baitan gaurtik igandera bitartean pintxoak dastatzeko aukera izango da.
- 21:00etan, afaria izango da herriko plazan.
Uztailaren 20a, bihar.
- 12:00etan, Txurrumuski Aisialdi Taldearen eskutik, udaleku irekietan parte hartzen duten haurrek bisiguaren gaia ardatz hartuta egindako marrazkiak zintzilikatuko dituzte plazan.
- 19:00etan, Orio Loretan Lehiaketako VIII. edizioko sariak banatuko dituzte herriko plazan.
- 19:00etan, Giranice eta Franckal sound musika taldeak kontzertua emango dute Salatxo plazan.
- 21:00etan, afaria izango da herriko plazan.
Uztailaren 21a, etzi.
- 11:00etan, Bisiguaren Bila koadrilen arteko ginkana-trivial lehia jokatuko dute plazan.
- 12:00etan, Orioko saregileek erakustaldia emango dute herriko plazan.
- 12:00etan, marmitako jana egingo da herriko plazan. 1.200 marmitako razio banatuko dituzte, bakoitza 1,5 euroko prezioan.
- 12:00etan, Orioko elkarte gastronomikoetako ordezkariek bisigu lehiaketan parte hartuko dute.
- 12:00etan, mini autoen erakusketa izango da plazan.
- 14:00etan, Bisiguaren Festako bazkaria izango da.
- 17:00etan, Museko I. Ikurriña jokatuko da, Arraun Elkarteak antolatuta.
- 21:00etan, Bisiguaren Festako afaria izango da herriko plazan.
Uztailaren 22a, igandea.
- 11:00etan, herriko elkarte gastronomikoek hegaluzea modu desberdinetara nola egiten den erakutsiko dute. 1,5 euroren truke banatuko dira hegaluze razioak.
- 12:00etan, Bisiguaren V Oriomar Bandera jokatuko da Oria ibaian. Estropada KAE1 ligarako puntuagarria izango da.
- 12:00etan, Egunsentia Otxoteak 15 urte: kalez kale emanaldia eskainiko du.
- 14:00etan, Bisiguaren Festako bazkaria egingo da.