Pasa den asteburuan Orioko Sofbol Taldeak bigarren postua lortu zuen Espainiako Erreginaren Kopan. Txapelketa Orion bertan jokatu zuen taldeak, Ohorezko Liga lehen lau postuetan amaitu zuten gainontzeko hiru taldeen aurka.
Final estua Erreginaren Kopan
Sofbola izan zen asteburuan protagonista eta goi mailako sofbol partidez gozatu ahal izan zuten Mendibeltz Sofbol Zelaira hurbildu ziren herritar eta bisitariek. Denboraldian zehar egin bezala, oriotarrek maila «oso ona» erakutsi zuten Erreginaren Kopan. Oriotarrek Bartzelonako Viladecans taldearen aurka jokatu zuten Erreginaren Kopako finala, baina ez zuten lortu txapela irabazterik. «Oso final estua izan zen. Bi luzapen jokatu behar izan genituen partida argitzeko; bigarren luzapenean lasterketa bat egin zuten eta eurentzat izan zen txapela. Oso partida bizia eta borrokatua izan zen eta gustura gaude lortutako emaitzarekin» azaldu du OBB sofbol taldeko ordezkari Ainara Larrazak.
Denboraldi bikaina
Ohorezko Ligan nahiz Erreginaren Kopan bigarren postuan sailatu dira oriotarrak eta taldeko ordezkariak oso gustura dira denboraldian zehar egindako lanarekin. Gainera, Ohorezko Ligan eta Erreginaren Kopan bigarren postua lortu dutenez, datorren denboraldian Europako Txapelketa jokatzeko txartela irabazi dute oriotarrek.
OBB taldeko kiden iritziz, taldean hainbat aldaketa izan arren, goi mailan mantentzea lortu izana pozgarria da. «Gu ez gara kirolari profesionalak; oso talde gaztea gara eta unibertsitate ikasketak edo lan kontuak direla-eta jokalari askok taldea utzi behar izaten dute. Hori dela-eta, gora-behera asko izaten ditugu, jokalari batzuk joan eta gaztea etortzen direlako» azaldu du Larrazak.
Aurtengo helburua Erreginaren Kopan sailkatzea zen denboraldi hasieran eta uste baino denboraldi hobea egin du taldeak. «Ez genekien aurten jubenil mailatik ohorezko mailan jokatzera pasa diren jokalariak zer moduz moldatuko ziren, baina ezusteko atsegina izan da iazko mailari eutsi eta denboraldian zehar lan bikaina egitea» zehaztu du OBB taldeko ordezkariak.
-----------------------------------------------
«Jende asko» bildu da Mendibeltz zelaian Erreginaren Kopa ikusteko
Asteburuan zehar Orioko herria sofbolean murgildu da, Erreginaren Kopa jokatu baitute goi mailako lau taldek egunotan Mendibeltz zelaian. Txapelketa antolatu duen OBB taldeko ordezkariek azaldu dutenez, «jende asko» bildu da txapelketan zehar jokatu ziren partidak ikusten eta gustura dira ekimenak herritarren artean izan duen harrerarekin. «Sofbola herritarrei ezagutarazteko balio izan du txapelketak».
Boluntarioak lanean
Asteburuan zehar, txapelketa prestatu bezala irten zedin lan asko egin behar izan dute antolatzaileek.«Gu talde txikia gara eta modu horretako txapelketak antolatzeko azpiegitura egokiak eta boluntarioak behar izan ditugu. Txapelketan parte hartzen duten taldeak eroso egon daitezen, ostatua, otorduak egiteko jatetxe edo tabernak, aldagelak eta beste hainbat xehetasun zehaztu behar dira eta» azaldu du OBBko kide Larrazak.