Orioko Zaragueta Herri Eskolak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzeko proiektua gauzatu ahal izango du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak oniritzia eman baitio egitasmoari, zentroan DBHko gela bakarra egongo den arren. Orain taldeak adierazi duenez, legeak, hasiera batean, DBH gutxienez bi gelek osatu behar dutela jasotzen du, baina, taldearen ustez, Eusko Jaurlaritzak «erabaki politikoa» hartu du, eta Orainek erabaki hori «babestu» duela nabarmendu du. Hori hala izanik, 2013-2014 ikasturtean Zaraguetak DBH eskain dezan, obrak eta lizitazioak «ahalik eta lasterren» gauzatzeko eskatu du Orioko Talde Independenteak.
Eusko Jaurlaritzak osatutako agiriak adierazten duenez, 2012-2013 ikasturteko lehenengo hiluhilekoan hasiko dira zentro berriaren ezaugarriak arautzen, eta giza baliabideen zenbatekoak osatuko dituzte; halaber, udalarekin hitzarmena sinatuko duela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, Orain taldeak adierazi du DBH egiteko eskumenak Eusko Jaurlaritzarenak direla, eta udalak kasu horretan ez duela egitasmoa finantziatu beharrik. Hala ere, Aia eta Orioko aurreko eta egungo udal korporazioek horretarako «borondatea» erakutsi dutela nabarmendu du taldeak.
Zaraguetak, hasiera batean, DBH Orio eta Aiako ikasleez osatzeko asmoa zuen, baina aurreko urteko azaroan Aiako Lardizabal ikastetxeko gurasoak proiektutik desmarkatu ziren, eta ondorioz, egitasmoa bertan behera geratu zen. Izan ere, Orainek adierazi duenez, lerro bakar bateko DBH «ekonomikoki jasangaitza» izango litzateke. Alabaina, Eusko Jaurlaritzak Zaraguetaren aldeko «apustu politikoa» egin duela nabarmendu du taldeak.
«Biek tratamendu bera»
Orioko Udaleko Bildu eta EAJ taldeei eta Zaragueta ikastetxeari igorri diote idatzia, eta etxez etxe banatu dute, egitasmoaren inguruan zein jarrera duten argitzeko asmoz. «Herrian ikastolaren aldeko jarrera dugula dioten zurrumurruak daude, baina hauteskunde programan adierazi genuen bezala, derrigorrezko hezkuntzari dagokionez herrian dauden bi aukerak tratamendu bera izateko apostua egin behar du udalak».
Horrez gain, taldeak «ezinbestekotzat» jo ditu Hezkuntza Sailak etorkizunean egingo dituen ekintzak «herriko beharretara lehenbailehen egokitzea». Halaber, proiektua garatzeko baliabide ekonomikoak «oztopo» izan ez daitezen eskatu dute, eta, zentzu horretan, Orioko Udalak baliabide horiek «berreskuratzeko» aldarrikatu du.