Bisiguaren Festan afaltzeko lau sarrera bikoitz zozketatuko ditu Udalak

Urola Kostako Hitza 2012ko uztailaren 12a

Orioko Udalak Bisiguaren Festarako zozketa antolatu du, eta uztailaren 19an egingo duten afarirako lau sari bikoitz eskainiko ditu. Herriko dendetan erosketak egiten dituztenei zuzendu die ekimena, herriko merkataritza sustatzeko asmoz. Hala, herritarrek hurrengo astelehenera bitartean egiten dituzten erosketetan txarteltxo bat bete beharko dute. Bertan, izen abizenak eta telefonoa idatzi beharko dute. Gaurtik hartu daiteke parte ekimenean, eta udalak jasotzen dituen txarteltxo guztiekin hilak 18an egingo du zozketa. Saridunak, berriz, euren webgunean, www.oriora.com helbidean, argitaratuko dituzte. Lau saridun izango dira guztira, eta bakoitzak bi lagunentzako afaria irabaziko du. Afaria, ostegunean izango dute, herriko plazan, eta honako menua izango dute: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, zainzuriak, bisigua parrillan erreta, postrea eta edaria eta kafea. Bisiguaren festa hilak 19tik 22ra bitartean ospatuko da Orioko plaza inguruan, eta lau egunetan 500 bisigu inguru erreko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide