Orioko Udalak azken pausoa eman du behin betiko Plan Nagusia indarrean jartzeko. Herri osoko hirigintza arauak zehazten ditu Plan Nagusiak, eta hori gauzatu ahal izateko Hiri Antolamenduko Plan Nagusiaren Testu Bategina onartu du Orioko udalbatzak.
Pasa zen urtean Auzitegi Gorenak Orioko arau ordezkatzaileak baliogabetu ondoren, herriko hirigintza «itxaron egoeran» zegoela gogoratu du Beñat Solaberrieta alkateak, eta horren ordez garatu dute Plan Nagusia. Beraz, Plan Nagusia egiteko arau subsidiarioak hartu dituzte kontuan, alkatearen esanetan. Udalak adierazi duenez, Plan Nagusia hirigintzako planteamendua zehazteko «ezinbesteko tresna» da. Hala nola, hiru eremu arautzen ditu planak; eremu hiritarra, eremu urbanizagarria eta ez urbanizagarria; hau da, landa lurra. Eremu bakoitzeko eraikigarritasuna, babes maila edota erabilera arautu dute planean, beraz.
Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak behin betikoz onartu du Plan Nagusia, eta hark jarritako baldintzekin osatu dute Testu Bategina. Orioko Udalak dokumentua onartu du, eta azken hitza Gipuzkoako Diputatu Kontseiluak izango du. Hark emango dio azken onarpena, eta orduan izango da indarrean Plan Nagusia.
Orioko Udalbatzak aho batez onartu zuen herenegun testu bategina. Hala ere, Orioko Bildu «oso kritiko» azaldu da dokumentuarekiko. «Jabetzen gara dokumentua ez onartzeak sortuko lukeen larritasunaz, eta horregatik onartu dugu». Hala ere, Solaberrietak adierazi du duela hamar urte hasitako «arazoak» oraindik badirela, eta horregatik «herri partaidetzan» oinarritutako plan orokor berria abiatzeko «konpromisoa» hartu du Bilduk.
Solaberrietak, Bilduren izenean, adierazi du 2003. urtean hasi zen «prozesu luze eta korapilatsua» amaitu dela dagoeneko. «Herritarrekin partekatu gabeko diagnosi batean oinarritu zen dokumentuaren aurre lana. Tartean, Agenda 21aren prozesu partekatua garatu zen. Herritar eta eragile ugarik hartu zuten parte. Bertan jasotako ondorio eta ekarpenak arau ordezkatzaileetan txertatzeko eskatu zen espreski, baina garai hartako udal gobernuak ez zion jaramonik egin eskaerari». Ondoren, «prozedura eta dokumentazio akatsek arazo juridikoak» sortu zituztela gogoratu du Bilduk. Arau ordezkatzaileak balioagabetzeak martxan dauden planteamenduak «egoera juridiko larrian» utzi zituela uste du koalizioak. «Egindako akatsek sortu duten arazo larriei aurre egiteko» arau ordezkatzaileen dokumentuan oinarritutako Plan Nagusiaren testu egokitua egiten hasi zirela adierazi du honek.
Orioko Udalak sustatu du plana, eta Manu Arruabarrena eta Santiago Peñalba arkitektoek eta Mikel Iriondo abokatuak gauzatu dute.
«Hondakin biltegien» aurka
Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinak kudeatzeko aurkeztu duen «zabor-fardoen biltegi kontrolatuaren» eta «degradatutako guneak berritzea» jasotzen duen planaren aurkako mozioa onartu du udalak. EAJk aurkeztu du mozioa, eta honek adierazi aldundiak «birziklatu eta konpostatu ezin daitekeen materiala lurperatzea» aurreikusi duela Aldundiak, zabortegiak ixteko asmoz. Alderdiaren arabera, Europatik «hondakindegi» horiek ixteko epea ezarrita dago, eta egungo zabortegiak ixteko «betelanak» egin nahi dira Aldundiaren proposamenarekin, Gipuzkoako «harrobi eta meategiak hondakindegi bihurtuz». Hori hala, Orioko harrobi eta meategiak «zabor fardoen biltegi kontrolatu» gisa ez erabiltzea onartu du udalbatzak. EAJren aldeko botoekin onartu dute mozioa. Bilduk aurka bozkatu du. Aldundiak plana Zero Zabor politikaren bidean aurkeztu duela adierazi du Bilduk, eta bat egin du proposamenarekin. «Prebentzioan, berrerabilpenean eta birziklatzean oinarritutako konponbide iraunkorra behar dugu, eta hori da Aldundiak aurkeztu duena». Orainek, berriz, ez du bozketan parte hartu, halako gaiak Hondakinen Mahaian jorratu behar direla uste duelako. «Elkarrizketaren bitartez adostasuna lortu behar dugu, eta horretarako mahai hori da foro bakarra; ez dugu gaia gehiago politizatu nahi», esan du Mirian Uranga Orain taldeko bozeramaileak.
------------------------------------------------
Kale Nagusiko udal etxebizitzen kalifikazioa aldatuko du udalak
Orioko Udalak Kale Nagusiko sustapen pribatuko 25 udal etxebizitzen kalifikazioa aldatu du, eta, ondorioz, horietatik 19 etxebizitza libreak izango dira aurrerantzean, eta gainontzeko seiek udal etxebizitza izaten jarraituko dute. Hala onartu du udalbatzak osoko bilkuran, horiek eskuratzeko eskari kopurua eskaintza baino txikiagoa izan delako.
Pasa zen martxoaren amaieran egin zuten 25 etxebizitzen zozketa, baina Udalak zozketa publikoko prozedura bertan behera utzi du orain. Hori hala izanik, sei udal etxebizitzak esleituko ditu udalak, horretarako baldintzak mantendu egingo dituzte. Beraz, interesa duten herritarrek eskaerak egin ahalko dute udaletxean. Gainontzeko etxebizitzek, berriz, prezio mugatua izango dute; hau da, udal etxebizitza tasatuak zirenean zuten prezio berdinean eros ahal izango dute herritarrek.
Bildu eta Orainen aldeko botoekin onartu zuten Orioko Kale Nagusiko etxebitizei izaera aldatzea; EAJ abstenitu egin zen, eta 19 etxebizitza libre bihurtzea baino, horien prezioa jastea proposatu zuen. «Udalak 25 etxebizitza tasatu izanda, ezin dugu inondik inora ere sustatu etxebizitza gehienak librean uztea». EAJk Bilduri leporatu dio hartutako neurria «etxebizitza sustatzaileen ikuspuntutik» hartu dutela. «Harritzen zaigu ezkertiarra deritzon gobernu batek neurri hau proposatzea», adierazi du Jon Redondo Orioko EAJko bozeramaileak. Hori hala izanik, gaiari «beste buelta» bat emateko proposatu dute jeltzaleek.