[/caption]
[Sasoian.info] Bizitza gorabehera ugariz beteta dago. Duela urtebete futbolaren «aurpegirik itsusiena» ezagutu zuen Iosu Esnaola futbol jokalari oriotarrak. Talderik gabe geratu zen, eta zorioneko telefono dei baten zain zegoen. Eskaintza Noja taldetik etorri zitzaion, eta azken denboraldia kantabriarrekin jokatu du. Orain, Sarpsborg'08 talde norvegiarrean jokatzeko aukera atera zaio. Bat-bateko proposamen batek Norvegiara eraman zuen ekaina bukaeran, eta astebetez haiekin entrenatu zen, hainbat proba gaindituz.
Albisteak «ezustean» harrapatu zuen oriotarra. «Suitzan nengoen oporretan. Ostiral arratsaldean (ekainaren 22an) telefono dei bat jaso nuen, Norvegiara joateko proposamenarekin. Baietz esan, eta igande arratsaldean hegazkina hartu nuen, astelehen goizean entrenatzen hasteko». Sarpsborg’08 taldearen interesa eta bertan jokatzeko abagunearen berri bazuen oriotarrak. «Jakin banekien niri buruzko informe onak jaso zituztela, eta zentral baten beharra zutela, baina horrelako albisteak askotan iristen zaizkigu futbolarioi, eta beti geratzen zaizu zalantza, zer sinetsi eta zer ez. Dena dela, honek zerbait serioagoa zela ematen zuen, baina lasai egoteko esan zidaten». Azkenean, bat-batean etorri zitzaion proposamena. «Eta bitan pentsatu gabe, hara egin nuen bidaia. Egia esan, asmatu egin dugu».
Aste osoa entrenamendu probatan jardun ondoren, uztailaren 2an itzuli zen Oriora. Harrezkero, Sarpsborg'08 taldeko arduradunak eta Esnaolaren agenteak ados jartzeko harremanetan ari dira, eta jokalariak aste honetan erabakiko du bere etorkizuna Eskandinabian izango duen, ala azken denboraldian bezala, Nojan jarraituko duen.
Erlazio ona taldekideekin
Sarpsborg'08 taldeko jokalarietako bat espainiarra da, Alvaro Baigorri madrildarra, eta harekin izan du harreman handiena Norvegiako egonaldian. «Bere izena entzunda neukan. Izan ere, Realeko kide Imanol Agirretxek harekin topo egin zuen Castellonen. Egia esan, erlazio ona izan nuen harekin, eta aste osoan nitaz arduratu zen». Gainerako taldekideek ere harrera beroa egin ziotela dio: «Egunero etortzen zitzaidan norbait bazkaltzera edo afaltzera gonbidatuz, herria erakusteko prest, edo edozertan laguntzeko pronto. Bigarren mailako futbol taldea bada ere, ematen dizuten tratua sekulakoa da. Ez dakit Espainiako lehen mailan halakorik baden. Xehetasun txikiena ere asko zaintzen dute».
Norvegiako lehen mailatik jaitsi zen iaz Sarpsborg'08 taldea, eta aurten bigarren mailan —Adeccoligaen delakoan— ari da lehian, berriz ere mailaz igotzeko asmoz. Oraingoz, laugarren postuan dago kokatuta sailkapenean, liderrarengandik hiru puntu eskasera. Espainiako futbol liga bukatu bada ere, Norvegian denboraldiaren erdian daude. «Azaroan bukatuko dute liga. Denboraldia urtekoa izaten da, eta neguan ez dute jokatzen, izozteengatik guztiz ezinezkoa delako».
Atzerrian futbola nola bizi duten ezaguzeko aukera izan du Esnaolak. Alde horretatik, deigarria egin zaio Norvegiako futbol jokalariek duten kalitatea: «Euskal Herrian oso lehiakortasun handia dago, baina ez dago horrenbesteko kalitate teknikorik. Norvegian, ostegunera arte ez nekien taldekide bakoitzak zein postutan jokatzen zuen. Kalitate handikoak zirenez, ez nuen bereizten nor zen aurrelaria eta nor atzelaria. Norvegiako futbola apur bat oharkabean pasatzen da, jokalari eta talde erreferenterik ez dutelako».
Gorabehera futbolistikoak
Esnaolak Realarekin egin zuen debuta duela bi urte, baina, ondoren, taldez talde ibili zen, batetik bestera, zorte handirik gabe; aurrena Real Unionen lagata, eta gero, Lanzaroten. Aurten, Nojan jokatu du, eta taldea Hirugarren mailatik Bigarren B mailara igotzen lagundu du. «Urte ona izan da. Ia partida guztiak jokatu ditut. Igo egin gara, eta horrela zure jokoa hobea dela ematen du. Eta hori futbol munduan ere zabaldu egiten da. Orain taldeen interesa ikusi dut, eta gustura nago».
Horrexegatik, Norvegiatik jasotako aukera «goxoki» bat izan da. «Ez nekien zer-nolako maila zegoen han, eta bigarren mailatik lehen mailara igotzeko borrokan dabilen talde batek zure zerbitzuak nahi dituela jakitea pozgarria izan da benetan». Orain, haien eskaintza entzun beharko du, eta, ondoren, aukera ona den ala ez baloratu. Sarpsborg'08-ekin fitxa egingo balu, urte eta erdirako izango litzateke. Erabakia edozein izan da ere, «esperientzia ikaragarria» izan dela aitortu du.