http://youtu.be/gDTuLAaglsM
Trikiti doinuekin, oriotarrak dantzan eta saltoka jarri zituen San Pedro jaietan Loretxu Berbena Belarra erromeria taldeak. Izen aproposa jarri diote gainera erromeria taldeari. «Loretxu izena jarri nahi genion hasiera batean, baina buelta batzuk ematen hasi ginen, eta berbena taldea denez, oriotarren artean oso erabilia den berbena belarra hitza jartzea bururatu zitzaigu; herritarrei grazia handia egin die izenak berak», azaldu du taldeko kide Ander Beldarrainek. Esne Beltza, Etzatik eta Gozategi moduko musika taldeen abestien bertsioak jotzen dituzte kontzertuetan; eta trikiti eta panderoarekin, gitarra, baxua, bateria, tronpeta eta tronboia uztartu dituzte. Orioko plazan zuzenean entzun zituztenen iritziz talde alai eta freskoa dira, festa giroan murgiltzeko egokia.
Aiako jaietan emango du hurrengo kontzertua Loretxu Berbena Belarra taldeak. Beraz, Orion euren doinuekin saltoka eta dantzan jarduteko aukerarik izan ez zutenek, Aian izango dute aukera berria.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide