Orioko Udalak bosgarren aldiz antolatu du Bisiguaren Festa, eta aurten uztailaren 19tik 22ra bitartean ospatuko dute. Ohi bezala, herriko plaza jatetxe handi batean bilakatuko dute, eta bertan eskainiko dituzte otorduetarako txartelak salgai dira dagoeneko; halabaina, aste honetan zehar oriotarrek soilik egin ditzakete erreserbak, eta gainontzeko herritarrek uztailaren 1etik aurrera erosi ahal izango dituzte.
Antolatzaileek aurreko urteetako menua eta prezioa mantendu egin dituzte; beraz, txartel bakoitzak 45 euro balioko du, eta bisiguarekin batera, beste hainbat jaki prestatuko dituzte egun horietan; hala nola, antxoak, tomate eta atun entsalada, zainzuriak, postrea, kafea eta edaria izango dute.
Bazkari eta afarietarako erreserbak Orioko Turismo Bulegoan egin daitezke, 943-83 55 65 telefonora deituta edo
orioturismo@gmail.com helbidera idatzita. Astelehenetik larunbatera bitartean, 10:00etatik 14:00etara bitartean eta 16:00etatik 20:00etara bitartean egin daitezke erreserbak, eta igandeetan 10:00etatik 14:00 etara bitartean.