Orioko Herri Ikastolak triatloia antolatu du laugarren aldiz sanpedroetarako; ekainaren 30ean, larunbatean, izango da saioa, herriko kaleetan zehar. Antolatzaileek hiru mailatan banatu dute triatloia; hala, 1999.urtetik 2002ra jaiotako gaztetxoek 12:30ean hasiko dute proba; 1996tik 1998ra jaiotako gazteek, berriz, ordu laurden beranduago ekingo diote igeri egiteari, eta 13:00etan hasiko da nagusien proba. 1995. urtean edo lehenago jaiotakoek hartu dezakete parte bertan.
Proba ikastolan hasi eta amaituko da, eta herri barruan izango da ibilbidea. Bertan aritzeko izena eman daiteke dagoeneko; ikastolan, Karela kiroldegian edo kultur etxean eman daiteke izena, hilak 27ra bitartean. Epe barruan izena ematen duenak ez du ordaindu beharrik izango, baina egunean bertan egiten dutenek hiru euro ordainduko dute.
Gaztetxoek 100 metro egingo dituzte igeritan; ondoren, bi kilometro egingo dituzte bizikletan, eta 800 metroko korrikaldiarekin amaituko dute lasterketa; gazteek, berriz, 200 metro egingo dituzte igeritan, eta hiru kilometro bizikletan. Korrikan, berriz, kilometro bat egingo dute. Azkenik, helduek 300 metro egingo dituzte igeritan; bizikletan eta korrikan zortzi kilometro eta 1.800 metro egingo dituzte, hurrenez hurren.
Antolatzaileek adierazi dute kaskoa eramatea derrigorrezkoa dela. Hiru saioen amaieran sariak banatuko dituzte.