Manuel Lasarteri omenaldi "xumea eta hunkigarria" egingo diote Orion

Urola Kostako Hitza 2012ko ekainaren 19a

Herritarrek Manuel Lasarte bertsolaria zenari omenaldia eskainiko diote ostiralean, Orioko Karela kiroldegian. Ekitaldi "xumea eta hunkigarria" izango dela adierazi du Jon Agirresarobe Orioko Udaleko kultura, euskara eta festa batzordeko buruak. Gaur aurkeztu dute omenaldia Aia, Orio eta Leitzako alkateek eta hiru herrietako eragileek, guztien artean osatu baitute saioa. Bertsoaz gain, hitza, musika eta dantza izango dira omenaldiko ardatzak, eta hogeita hamar lagun baino gehiagok hartuko dute parte ostiraleko saioan; hala nola, Orioko Herri Ikastolako Olaxka abesbatzak eta Mertxe Olidenek kantu saioak eskainiko dituzte; musikariak ere izango dira oholtza gainean, Martin Peronaren, Gari eta Iñaki trikitilarien, Joxerra San Sebastianen eta Imanol Urkizuren eskutik. Bertsolariak, berriz, bat batean eta Lasartek utzitako bertsoak abesten arituko dira; horien artean izango dira Miguel Mari Elosegi Luze, Martin Rezabal Olaso, Patxi Etxeberria, Angel Mari Peñagarikano, Julio Soto eta Andoni Egaña. Maitane Musika eta Ander Errastik dantza saioa egingo dute, ordu eta erdiko saioaren baitan. Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko Lehendakariak eta Iñaki Perurena harri-jasotzaile leitzarrak, beraien aldetik, Lasarteren testuak irakurriko dituzte. Halaber, bertsolariaren bertsoez eta elkarrizketez osatutako proiekzioa ere eskainiko dute. Omenaldia 22:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da. Karelako ateak, berriz, 21:30ean irekiko dituzte, eta 600 lagun joan ahal izango dira gehienez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide