Elkartasunez Herrira Eguna ospatu zuten atzo oriotarrek, eta egunean zehar egin zituzten ekimenen bidez euskal presoen eskubideak aldarrikatu eta herriko hiru presoei laguntza eman zieten. Kukuarri mendian argazki jendetsua atera ondoren, hamaiketakoa egin zuten herriko plazan. Eguerdian, berriz, berrogeita hamar lagun inguruk herri bazkaria egin zuten, eta arratsaldean egin zuten manifestazioan sakabanaketarekin amaitzeko eskatu zuten herritarrek. Gauean, berriz, kontzertuak izan ziren gaztetxean.
Orioko Herrira mugimenduak antolatu du ekimena, herritarrek presoen eskubideen "kontzientzia" bereganatu dezaten. Horrez gain, Orioko hiru preso politikoentzako —Gregorio Escudero, Itxaso Legorburu eta Patxi Uranga— dirua lortzea zuten helburu antolatzaileek, horiek dituzten "beharrei" erantzun ahal izateko.