Orioko Udalak eta Arraun Elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute goizean, herrian arrauna sustatzeko asmoz; hala, udalak 167.000 euro emango dizkio elkarteari, Arraun eta Piragua Teknifikazio Zentrorako ontziak eros ditzan; hala, Udalak hamabi urtez lagako dizkie ontziak, eta horien mantenua Arraun Elkarteak izango du; hain zuzen, hamabi urteetan 38 ontzi erosiko ditu, horietatik 25 aurten.
Horren truke elkarteak lehenagotik dituen hamabi ontzi utziko ditu Arraun Teknifikazio Zentroan; hala nola, bi batel, trainerila, trainerua eta skull ontziak emango ditu elkarteak, "aisialdirako". Izan ere, horiek erabilera publikoa izango dute.
Atzo onartu zuen Orioko Udalbatzak Udalaren eta elkartearen arteko hitzarmena; EAJ alderdia abstenitu egin zen, horretarako eraman duten prozedurarekin ados ez zegoelako eta aurrekontuetan gastu horiek aurreikusi gabe zeudelako. Bilduk, bere aldetik, adierazi du arraun taldea "urteetan" egon dela ontzirik erosi gabe, eta aurten horretarako "beharra" dagoela adierazi dute.