'Plazer bat izan duk, Benito!' liburua aurkeztu dute Mikel Markezek eta Pako Aristik

Urola Kostako Hitza 2012ko mai. 29a, 14:07

Pako Aristi idazle, kazetari eta gidoigile urrestildarrak eta Mikel Markez Aiako kantariak Benito Lertxundiren «biografia espirituala» jaso dute Plazer bat izan duk, Benito! liburuan. Duela sei urte hasitako bazkari-afarietako solasaldien emaitza da gaur Donostian aurkeztu duten lana, eta Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene Mujika bekaren bidez gauzatu dute proiektua. Liburuaren idazleek adierazi dute Lertxundiren ustez, liburua «berritzailea» dela, Euskal Herrian ez delako inoiz modu horretako lanik egin. Oriotarrak Aristik eta Markezekin izan dituen elkarrizketetatik abiatu dira hamaika gaien inguruko hausnarketak egiteko. Musika, heriotza, arrauna, politika, indarkeria... eta beste kontu ugari bildu dituzte liburuan. Hala ere, oinarrian oriotarraren «askatasun mentala» islatu dutela azpimarratu du Markezek; «buruko gimnasia egiten ikasi dugu; Benitok horretan ongi daki, eta gaien inguruko begirada askea izateko aukera eman digu». Izan ere, Lertxundiren bizitzaren gakoa «gogoaren asktasatuna» dela adierazi dute biek. Aiako bizilagunak eta urrestildarrak «aspalditik» ezagutzen dute Orioko kantaria, eta «helbururik» gabe hasi ziren hilero-hilero hiru lagunak elkartzen. Txandaka biltzen ziren; batzuetan Aian, besteetan Orion, eta gainontzekoetan Urrestillan. «Oso hiztun ona da Benito, eta barne mundu oso aberatsa du. Beti gehiago egoteko gogoarekin geratzen ginen biok», adierazi du Aristik; hala, afari zirenak bazkari bilakatu ziren gero, eta berriketaldiak grabatzen hasi ziren ondoren. Berrogeita hamar orduko grabazioak idatzi ondoren hasi ziren liburua idazten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide