Orioko Udalak bi erraldoi enkargatu ditu, eta San Pedro festetan estreinatuko dituzte. Erraldoiak erabiltzeko herritarren bila dabil udala, eta horretarako bilera irekia antolatu dute hilaren 22rako. 19:00etan elkartuko dira, kultur etxean, eta udalak dei egin die herritarrei parte hartzera. Honen arabera, erraldoiak erabiltzeko ez da indar berezirik izan behar; "trebetasun kontua da gehiago eta, beraz, edozeinek egin dezakeen lana da, pixka bat prestatuz gero". Udalak sei lagun inguruko taldea osatzeko asmoa du, erraldoiak txandaka erabil ditzaten.