Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gipuzkoako Emakumezkoen Lauko Finala jokatuko dute asteburuan Orion, eta Gipuzkoako beste hiru taldeekin batera, Murkil Zast herriko saskibaloi taldea lehiatuko da larunbatean eta igandean Karela kiroldegian egingo dituzten saioetan.
Oriotarrek asko dute jokoan, irabazten duen taldeak Liga Nazionaleko 2. mailan jokatuko baitu hurrengo denboraldian. Antolatzaileen esanetan, gainera, Murkil Zast taldeak dira faboritoak; izan ere, Orioko neskek denboraldi «aparta» egin dute, eta horren eraginez Gipuzkoako Emakumeen Lauko Finalera multzoburu gisa igaro dira.
Orioko taldeak zabalduko du txapelketa. Murkil Zast taldeak Eskoriatzaren aurka jokatuko du finalerdia etzi, 16:00etan. Orioko neskek aurretik ere jokatu izan dute Eskoriatzaren aurka, eta, beraz, antolatzaileek norgehiagoka «gogorra» izatea espero dute.
Beste finalerdia, berriz, Cafes Aitona-Askatuak eta Atletico San Sebastian talde donostiarrek lehiatuko dute. Horien arteko saioa ere «estua» izango dela aurreratu dute.
Bi finalerdiak irabazten dituzten taldeak pasako dira finalera; azken partida igandean egingo dute; 11:00etan hasiko da neurketa, Karelan.