Orioko Pilota Elkarteak herritarren laguntza jasotzeko deialdia zabaldu du, antolatzen dituzten txapelketetan eta bestelako ekitaldietan elkarteko kideekin batera lan egingo duten bolondresak lortzeko asmoz. Egun lau kidek osatzen dute elkartea, eta horiek adierazi dute ardura guztietara iristeko «zailtasunak» dituztela; «asteko ia egun guztietan izaten ditugu herrian partidak, eta horietan epaile gisa edo bestelako lanetan egon behar izaten dugu. Kide gutxi gara ardura guzti horiek aurrera eramateko, eta denbora falta izan ohi dugu, ordu dezente eskaini behar izaten baitiogu elkarteko jardunari», adierazi du Aimar Galarraga elkarteko kideetako batek.
Hurrengo hilean haurren pilota txapelketa hasiko da, eta ekimen horretan laguntza jasotzeko «beharra» dutela adierazi du pilota elkarteak; «lau pertsonek ezin dugu guztia antolatu, eta laguntza eskatu beharrean aurkitzen gara. Ez dugu nahi umeen txapelketa bertan behera uzterik, baina bolondres gehiago eduki ezean, ezinezkoa ikusten dugu txapelketa modu antolatu batean aurrea ateratzea», adierazi du elkarteak.
Umeen txapelketaz gain, Gomazko Pala Txapelketa ere ari da jokatzen Orion, eta Urola Kostako eskolaz kanpoko txapelketan epaile lanetan ere aritu dira. Halaber, Euskal Herriko Opena eta Frontenis Txapelketa ere antolatu dute, eta herriko haurren entrenatzaile ere badira.