Bost hilabetez itxita egon ondoren, zabaldu dute Orioko kanpina

Urola Kostako Hitza 2012ko apirilaren 18a

Orioko kanpina zabalik da dagoeneko, bost hilabetez itxita egon ondoren. Kanpina eraberritzeko planaren baitan, lehenengo fasea amaitu dute, eta tarte horretan "lan ugari" egin dituzte, Orioko Udalak adierazi duenez. "Orain arte egindako lanak, kanpina berregituratzeko lanen lehen faseari dagozkionak baino ez dira. Ez dira ageriko lanak; kanpina txukuntzen jardun dugu orain arte", adierazi du Miriam Uranga Orioko Udaleko turismo zinegotziak. Azken bost hilabeteetan argiztapen guztia erreparatu dute, eta bidea asfaltatu dute. Era berean, bertako berdeguneak "guztiz txukundu" dira. Horrez gain, sarreran hesi berria jarriko dutela jakinarazi du udalak, eta lekuz aldatuko dute; "Bi besoko barrera jarriko dugu, bata ibilbagiluak sartzeko eta bestea ateratzeko. Bide batez, autoen sartu-irteeren kontrola eramatea ahalbidetuko da, horretarako instalatuko den sistema informatikoaren bitartez", adierazi du zinegotziak. Aurtengo udazkenean hasiko dira bigarren fasearekin. Orduan, bungalowak jarriko dituzte. Bungalowak kanpinaren zerbitzuak zabaltzeko eta "egun dagoen eskaerari erantzunteko" asmoz jarriko ditu udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide