'Olatu Talka 2012' jaialdiko ekimenak egingo dituzte Getarian eta Orion

Urola Kostako Hitza 2012ko martxoaren 30a

Donostia 2016 ekimeneko taldeak "olatu talkaz" ziprizkinduko du Euskal Herria, eta tartean, Getaria eta Orio ere bai. Lau urte barru Donostia izango da Kultur Hiriburu, eta maiatzean Olatu Talka 2012 jaialdia abiatuko dute. Donostiatik haratago, hainbat herri eta hirietara zabalduko dira ekitaldiak maiatzaren 11tik 13ra bitartean. Orion eta Getarian maiatzaren 12an izango dira ekitaldiak; Orioko Danbolin Musika Eskolak antolatuta, Trikitixa eta Pandero topaketak izango dira. Euskal Herriko 300 ume inguruk hartuko dute parte, eta kalejira batekin emango diote hasiera egunari. Eguerdian, berriz, kontzertua egingo dute, Orioko Herri Ikastola aurreko plazan. Faustino Azpiazu Sakabi eta Joxe Mari Urkola Egañazpi trikitilarien abestiek osatuko dute kontzertuaren tarterik handiena. Getarian, berriz, Kattalin bere bidearen bila antzezlana taularatuko dute; taldea Arizkungoa (Nafarroa) bada ere, Getaria eta Zarauzko hainbat kidek ere hartuko dute parte Getariako saioan, Amaia Zinkunegi getariarrak azaldu duenez. Balentziaga Museoan taularatuko dute lana, eta "hondakinak objektuak sortzeko erabilgarriak" izan daitezkeela adieraziko dute. Hogei lagun inguruk tetrabrikez, poltsez, kartoiez eta hautsitako jostailuez egindako jantzietakin egingo dute antzerki desfilea. Jantzi bakoitza pertsonaia bat izango da, eta Kattalin izeneko emakumea izango da protagonista. Guztira 11 ekitaldi egingo dituzte Hego Euskal Herri osoan; Tolosan, Sukal Talka egitasmoaren baitan sukaldaritza tailerra eta bazkaria prestatutako dute; Dance & Smile Eskolak prestatuta, street dance dantzaldia egingo du Elgoibarren. Hacklab egitasmoan, berriz, Interneten aritzen diren euskal komunitateko kideak elkartuko dira, Andoainen. Pasaian, berriz, Sahara Albaolak bi film eskainiko ditu. Kontzertalka, musika taldeen lana bultzatzeko topagune izango da Bilbon, Bermeon, Gasteizen eta Arantzan. Emaus taldeak, berriz, Vintage desfilea antolatuko du Irunen, produktuen "iraunkortasuna" ardatz izanda. Bestetik, Astigarragan flauta topaketa egingo dute, eta Tolosan bakarrizketa mutua egingo dute, keinuen hizkuntza oinarri izanda. Proiektuaren baitan dauden "balioak" gizarteratzeko asmoz sortu dute ekimena, eta "ekitaldi guztiek egingo dute bat balio horiekin", antolatzaileek adierazi dutenez. Horiek adierazi dute egitasmo desberdinen inguruko proposamenak jaso dituztela, eta "gustura" azaldu dira ekarpen horiekin. Dagoeneko 2012ko jaialdiaren behin betiko programazioa ixten ari da taldea, eta oraingoz horiek dira parte hartuko dutenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide