Orioko Udalak "loretzaintza, garbitasuna eta hondakinen kudeaketaren zerbitzua" indartuko du

Urola Kostako Hitza 2012ko martxoaren 30a

Beñat Solaberrieta Orioko alkateak eta Amaia Dorronsorok, obra eta zerbitzuen zinegotziak, legealdia hasi zutenetik egin dituzten obren berri eman dute; horien arabera, mantentze eta egokitzapen lan "dezente" egin dituzte azken hilabeteetan, eta gerora begira, herriko zerbitzuak konpontzea izango da "lehentasunetako bat". Egungo baliabideak "optimizatuko" dituzte horretarako. Lorezaintza, garbitasuna eta hondakinen kudeaketaren zerbitzua izango dira indartuko dituztenak; izan ere, horien ardura kuadeatzen dituzten kontratuak 2009. urtetik amaituta daudela jakinarazi du Dorronsorok, eta ondorioz, zerbitzu horiek "zaharkituta" daudela azpimarratu du: "Urteetan geldi mantendu dira kontratuok, eta bada zerbitzu hauen esleipena martxan jartzeko garaia; 2009an deituta behar zuten lehiaketa publikoek. Lorezaintza esleipenerako lehiaketa publikoa orain atera dugu, eta epe motzean garbitasun eta hondakinen kudeaketaren zerbitzuari helduko diogu". Orioko Udalak 150.000 euro baino gehiago gastatu ditu egokitzapen lanetan. "Ditugun azpiegiturak ondo zaintzea", eta "mantenu lan on bat egitea" dira udalaren lehentasunetakoak, alkateak adierazi duenez. Hori hala, eraikin berrietan "inbertsio handiak" egin dituztela esan du Solaberrietak, batez ere horiek duten hezetasun arazoengatik. Besteak beste, Mendibeltz futbol zelai azpiko garajeetan "argitasun, garbitasun eta hezetasun" arazoak konpondu dituztela adierazi du Dorronsorok. Garajeetan obrak 2006an egin baziren ere, orain arte "egoera kaxkarrean" zirela salatu du zinegotziak, eta  konponketak egiteko 42.000 euro bideratu dituztela jakinarazi du. Orioko Udalak berriro jarri ditu salgai garaje horiek, eta konponketak egin ondoren, herritarrek orain "interesa" badutela adierazi du zinegotziak. Kosta Tailerreko obrak ere duela bi urte amaitu zituzten, baina bertan ere hezetasun arazoak izan direla azpimarratu du Dorronsorok; beraz, "konponketa lanak egin behar izan dira". 12.000 euro bideratu dituzte horretara. Horrez gain, Txanka hondartzan dauden etxebizitza babestuetan ere hezetasun arazoei aurre egiteko 80.000 euroko inbertsioa egin du udalak. Kiroldegiko sistema elektrikoa ere aldatu egin dute, 18.000 euroko aurrekontuaren bidez. Egokitzapen lan horiek guztiak "ezinbestekoak" izan direla uste du Solaberrietak. Hiri altzariak ere egokitu dituzte; besteak beste, Oa kaleko eskailerak margotu dituzte, eta Motondo inguruak "txukundu" dute. Aurrerantzean, berriz, Goiko Kaleko Goiko Kaleko haurren parkeko lurra berrituko dute, eta hondartzako petrila konponduko dute. Halaber, autokarabanentzako gunea egokitzeko asmoa azaldu du udalak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide