Juan Priede, Orioko Udaleko zinegotzia izandakoa omendu zuten pasa zen larunbatean senideek, lagunek eta alderdikideek. Hamar urte dira, izan ere, ETAk PSE-EEko zinegotzia zena hil zuena. Orioko hilerrian elkartu ziren guztiak. Hamabiak puntuan hasi zuten ekitaldi xumea, eta loreak eskaini zizkioten.
Senideen artean, zinegotzia izan zenaren hiru seme-alabek hartu zuten parte omenaldian. PSE-EEko militante eta politikari ugari ere izanziren bertan; hala nola, Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, Jesus Loza Eusko Jaurlaritzako elkarbizitzarako eta memoriarako agintaria, Manuel Huertas PSE-EEko Gipuzkoako presidentea, Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimen Bulegoko zuzendaria, Txiki Benegas politikaria, Patxi Elola Zarauzko Udaleko PSE-EEko zinegotzia eta Gorka Landaburu kazetari zarauztarra izan ziren omenaldian.
Loreak eskaini ondoren, Priederen garai hartako jarduna ekarri zuen gogora Huertasek. Haren arabera, Orioko Udaleko PSE-EEko zinegotziak «giza eskubideen eta gizarte justuago baten alde lan egin zuen». Bide horretatik, bere «balio eta printzipioekiko konpromisoa zuen zinegotzia izateagatik» hil zutela nabarmendu zuen PSE-EEko Gipuzkoako presidenteak. «Gustatuko litzaidake ETAk urrian indarkeria bertan behera uzten zuen mezua entzuteko bizi izan balitz, baita Patxi Lopez Lehendakaritzan ikusteko ere», gehitu zuen Huertasek.
Omenaldira bizkarzainik gabe joan ziren PSE-EEko kideak, eta txalotu egin zuten aldaketa: «Garai berri bat hasi dugu, eta indarkeria behin betiko amaituko den eta bakea lortu dugun itxaropena dugu. Behin betiko bakea, ordea, ETA desagertzen denean iritsiko da».
«Bakean bizitzeko elkarbizitza» dagoeneko abiatu dela uste du Huertasek. «Baina biktimekiko memoria aintzat hartuta egin behar da hori», gehitu du PSE-EEko Gipuzkoako buruak. Adiskidetzea, berriz, «halabeharrez, geroago» lortuko dela adierazi du honek.
Priede hil bezperan elkarrekin egon zirela gogoratu zuen Huertasek, Lasarteko (Gipuzkoa) hilerrian Internazionala abesten. Une hari keinua eginez, kantu hura abestuz amaitu zuten omenaldia.
Pasa zen asteazkenean, hilaren 21ean, hamar urte bete ziren ETAk Priede hil zuena. Garai hartan PSE-EEko zinegotzi bakarra zen Priede Orioko Udalean. Tiroz hil zuen ETAk, zinegotzia taberna batean zegoela.