Juan Priede Orioko Udaleko zinegotzi ohia omendu dute gaur eguerdian bere senideek, lagunek eta alderdikideek, haren hilketaren hamargarren urteurrenean. Ohi bezala, Orioko hilerrian elkartu dira guztiak; hamabiak puntuan hasi da haren omenezko ekitaldia, eta lore eskaintza egin diote Priederi. Senideen artean, zinegotzia izan zenaren hiru seme-alabek hartu dute parte. PSE-EEko hainbat politikari ere izan dira bertan; hala nola, Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, Jesus Loza Eusko Jaurlaritzaren Elkarbizitzarako eta Memoriarako agintaria, Manuel Huertas PSE-EEko Gipuzakoko presidentea, Maria Isabel Lasa Eusko Jaurlaritzaren Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria, Txiki Benegas politikaria, Patxi Elola Zarauzko Udaleko PSE-EEko zinegotzia eta Gorka Landaburu kazetaria.
Huertasek adierazi du "balio eta printzipioekin konprometitua zegoen zinegotzia izateagatik" hil zutela Priede. "Giza eskubideen" eta "gizarte justuago" baten alde lan egin zuela gogoratu du PSE-EEko Gipuzakoako presidenteak.
Lehenengo aldiz, omenaldira bizkarzainik gabe joateagatik zoriondu dira sozialistak; "garai berri bat hasi dugu, eta itxaropena dugu behin betirako amaituko dela indarkeria. Behin betiko bakea, berriz, ETA desagertzen denean iritsiko da". Huertasek gogoratu Priederen hilketa baino lau egun lehenago egon zela berarekin azkenekoz, Lasarteko hilerrian Internazionala abesten; kantu hori abesten amaitu dute omenaldia.
Pasa zen asteazkenean, hilaren 21ean, hamar urte bete ziren ETAk Priede hil zuela. Garai hartan PSE-EEko zinegotzia zen Priede Orioko Udalean. Tiroz hil zuen ETAk, zinegotzia taberna batean zela.