Orioko Udalak "atez atekoaren eztabaida mahai-gainean" jarriko du

Urola Kostako Hitza 2012ko martxoaren 16a

Hondakinak kudeatzeko sistema "bolo-bolo" dabilen gaia izanik, Beñat Solaberrieta Orioko alkateak adierazi du bilketa sistema "onena" bilatu behar duela Oriok, birziklatzearen gaiaren inguruan "eredugarri" izan dadin. Alkateak jakinarazi duenez, Orion %28,13 birziklatzen da egun. Datu horiek "nahikoa" ez direla uste du Solaberrietak, eta "epe motzean" birziklatze maila altuagoak lortu behar direla azpimarratu du: "Ingurumenari, gure osasunari eta etorkizuneko belaunaldiei zor diegu". Herriko hondakinen inguruko datuak biltzeko, beraz, Garbitania enpresak ikerketa bat abiatu du herrian, eta horren ondorioak ekainean izatea aurreikusten du Orioko Udalak. "Urola Kostako Udal Elkartea osatu dugun bost udalerrietan hondakinen kudeaketa nola ezarri ahal izango litzateken aztertuko du honek, beti ere eredu aldaketa egongo balitz". Hondakinen kudeaketaren gaia "mahai-gainean" jarri nahi du udalak, birziklatzea "heziketa kontua" baiteritzo udalak. Solaberrietak adierazi duenez, "bilketa sistemarik egokiena" zein den aztertu behar dute. Hala ere, Solaberrietak atez atekoaren helburuak bete nahi dituela azpimarratu du. "Atez atekoko sistemarekin %80 birziklatzen dute, eta guk datu horretara iritsi nahi dugu, baina hori lortzeko moduak eztabaidatu egingo ditugu", adierazi du alkateak. Hori hala, atez ateko sistema ezartzeko proposamena "eztabaida egon ondoren" pasako da. Zentzu horretan, Orioko Udala osatzen duten hiru alderdi—Bildu, EAJ eta Orain— hondakinen inguruan hitz egiteko "prest" direla jakinarazi du. "Helburu berdinak ezarriko ditugu, eta ondoren eztabaidatuko dugu alderdiekin eta herritarrekin". Hala ere, erabakia soilik Orioko Udalaren gain ez dela adierazi du udalak, Urola Kostako Udal Elkarteak duelako hondakinen eskuduntza, eta "beraiekin batera lan egin beharko dugu sistemarik egokiena aurkitzeko". Biziklatzeaz gain, hondakin gutxiago sortzearen aldeko apostua egin nahi du udalak, eta "murriztu, berrerabili eta birziklatu" filosofiarekin bat egin du; zentzu horretan, "prebentzioaren garrantzia" aipatu du: "Hasi gaitezen prebentziotik, gure eguneroko kontsumo joeretatik hondakinak murrizteko helburuz. Bide horretatik, herritar bakoitzak egiten dituen keinu txikietatik, asko dugu hobetzeko, eta irabazteko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide