Amaia Gozategi (Orio, 1972) Mandalara taldeko arduradunetako bat da. Azken urteetan energiaren inguruko hamaika saio antolatu ditu, eta herrian taldeak leku berezia izatea lortu du. Bihar astrologiaren inguruko tailerra eskainiko du, Orioko Herri Ikastolako areto nagusian, 17:00etatik 21:00etara. Txartelak kultur etxean daude salgai, 10 eurotan.
Zer izango da biharko tailerra?
Astrologiaren inguruko hitzaldi tailerra da. Astrologia abiapuntu izanda, zeinu bakoitzak nola eragiten duen azalduko du Joshua Santos astrologoak. Zeinu horien arabera, bakoitzak ikasgai propioak ditu bizitzan zehar. Adibidez, ikasgai bat pazientzia izaten jakitea da, eta horretan norberaren zeinuak izugarrizko eragina du. Zeinu guztiek ezaugarri berak dituzte, baina, era berean, hamabi planetaren eragina ere hartu behar da kontuan. Planetek pertsona bakoitzarengan modu jakin batean eragiten dute.
Zertarako balio du astrologiak?
Askotan ohartzen gara izan ditugun lagun eta bikote gehienak zeinu jakin batekoak direna, eta hori zergatik gertatzen den azalduko dugu. Halaber, zeinu horiek nola funtzionatzen duten ere jorratuko dugu. Daukagun zeinuaren arabera, jokaera jakin batzuk izango ditugu. Beraz, astrologiak nork bere burua ezagutzeko balio du. Niri, pertsonalki, astrologiak blokeoak hausten lagundu dit. Egoera jakin batzuetan modu jakin batera jokatzen dudala konturatu naiz, eta astrologiak horren zergatia ulertzeko balio du.
Beste zein ikasgai dituzue martxan?
Guztira sei ikastaro eskaintzen ditugu. Astean behin astrologia saioa eskaintzen du Agustina
Herrerok, ostegunetan. Egun horretan tarota ere irakasten du Herrerak. Horrez gain, meditazio saioak ere egiten ditugu, asteazkenetan. Yoga ikastaroa ere badugu martxan, eta orain, adinekoei zuzendutako taldetxo bat sortuko dugu. Izan ere, ikusi dugu horiek ere yogarekiko interesa dutela, eta goizetan denbora dutenez, egokia iruditu zaigu. Hurrengo astetik aurrera hasiko gara horretan.
Mandala tailerra ere egiten dugu. Marrazki induak egiten ditugu. Mandala irudietan erabiltzen diren formek eta koloreek informazioa gordetzen dute. Norberaren egoera zein den azal dezakete irudiok. Parte-hartzaile bakoitzak bere marrazkia egiten du, eta Karmele Garmendiak, Mandalara taldeko beste arduradunak, irudiak irakurtzen ditu. Duela urte batzuk biok ikasi genuen mandalak irakurtzen. Autoezagutzarako tresna da. Mandalara taldea saio hauen bidez hasi zen lanean. Arloak herrian interesa pizten zuela ikusi genuen. Ondoren hasi ginen bestelako saioak eskaintzen. Mandalak bizitzako galderei erantzuteko metodoak bilatzen ditu.
Harrera ona izaten al dute saioek?
Orioko saio bakoitzean, bataz beste 40 lagun inguru elkartzen gara, eta hori izugarria da neurri honetako herri baterako. Herritarrak ez ezik, inguruko bizilagunak ere joaten dira saioetara. Aste honetan, meditazio saioetara bederatzi lagun gehitu dira. Jendeak metodo berriak ezagutu nahi ditu, beharbada beste metodoek ez dituztelako asetu. Biharko tailerrerako, berriz, 120 sarrera jarri ditugu salgai, eta dagoeneko erdiak baino gehiago saldu dira.
Beste ekimenen bat antolatzeko asmorik ba al duzue?
Apirilean Chikung tailerra berreskuratuko dugu. Urtarrilean egin genuen, eta izan zuen harrera ikusita berriro egitea erabaki dugu. Yoga eta tai chi mugimenduen aita da. Gorputzeko bi energiak,
ying eta
yang-a, ariketen bidez oreka daitezkeela azaltzen du Chikung mugimenduak. Hala, zazpi mugimenduren bitartez gorputzeko blokeoak askatzen laguntzen du.