Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Herri Ikastolak Orioko Mendi Lasterketa antolatu du bigarrengo aldiz jarraian. Apirilaren 11ean izango da lasterketa, eta aurten berrikuntza nabarmenak izango ditu probak; izan ere, ibilbidea aldatu egin dute antolatzaileek, eta Orio inguruko hainbat gune berreskuratuko dituztela jakinarazi du Iñaki Berazak, Orioko Herri Ikastolako zuzendariak. Izan ere, San Juan baselizatik Kukuharri ingururako bidea egingo dute parte-hartzaileek, iaz ez bezala; "Bide hori galduta zegoen orain arte, sasiez betea zegoen eremua; inguruko pertsona batzuen laguntzarekin garbitu egin dugu eremua, korrikalariek aprobetxatu dezaten", dio Berazak. Honek adierazi du bide berriarekin herriko txoko "ezezagunak" ezagutzeko aukera eman nahi dietela parte-hartzaileei.
Antolatzaileek gehienezko parte-hartze kopurua zehaztu dute; aurtengoan 350 lagunek lehiatu ahal izango dute, iaz baino ehun lagun gehiagok, hain zuzen ere. "Aurreko urtekoa lehenengo aldia zen, eta ez genekien proba gainditzeko gain izango ginenik". Orduan izan zuen harrera ikusita erabaki dute parte hartze kopurua handitzea. Hala ere, ikastolako zuzendariak ohartarazi du halako lasterketetan "kontuz" ibili beharra dagoela, probak ingurune naturaletan egiten direlako. Hori hala izanik, hurrengo urtera begira inskripzio muga aztertuko dutela adierazi du Berazak.
Orioko Mendi Lasterketan aritzeko izena www.oriokoikastola.net helbidean eman daiteke, hamabi euroren truke. Dagoeneko 266 lagunek eman dute izena; hasiera batean martxoaren 29an amaituko da horretarako epea, lehenago parte hartze kopuruaren mugara iristen ez bada.