Jubilatuen Eguneko bazkarirako txartelak astelehenean jarriko dituzte salgai

Urola Kostako Hitza 2012ko martxoaren 9a

Martxoaren 23an Jubilatuen eta Pentsiodunen Eguna ospatuko duteko Orion; Meza Nagusia egingo dute 12:00etan, Egunsenti abesbatzak lagunduta. Ondoren, Aginagako Errasti sagardotegian bazkaria egingo dute, eta bertara joateko txartelak datorren astelehenean eta asteartean, hilaren 12an eta 13an, salduko dituzte, 20 eurotan. Antolatzaileek jakinarazi dute gainontzeko egunetan ez dutela txartelik salduko. Zaharren Babeslekuan salduko dituzte txartelak, 16:00etatik 18:00etara bitartean. Horretarako, ordea, Zaharren Babeslekuko bazkide txartela eguneratuta izan behar da. Sagardotegira joateko bi autobus irtengo dira 13:00etan, eta ordu erdi beranduago beste bi autobus abiatuko dira. Bazkaria, berriz, 14:00etan hasiko da, eta ondoren Egunsenti abesbatzak girotuko du saioa. Bazkarira joaten diren guztiek bazkaltzerakoan txartelak emango dizkiote jatetxeko arduradunari; antolatzaileek adierazi dutenez, txartela erosi dutenek "arrazoizko justifikaziorik gabe" festara ez joatea erabakitzen badute, ez dute jasoko ordaindutako dirua. Sagardotegitik, berriz, 18:00etan itzuliko dira herrira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide