"Oraingo helburua Olinpiar Jokoetan domina lortzea da"

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 29a

Oiana Blanco (Orio, 1983) judokak aurten Londresen jokatuko diren Olinpiar Jokoetan aritzeko txartela lortu du, pasa den asteburuan Varsovian, Munduko Kopako azken proban, urrezko domina lortu ondoren. UROLA KOSTAKO HITZA egunkariak biharko egunkarian kaleratuko du elkarrizketa osoa.   Zer eragiten dizu Olinpiar Jokoetan parte hartzeak? Judo munduan txapelketarik garrantzitsuena da. Txikitatik, Olinpiar Jokoetan parte hartu dutenak erreferenteak izan dira niretzat. Betidanik bilatu izan dudan zerbait izan da. Azken urteetan ikusi dut Olinpiar Jokoak nire eskuetan zeuden zerbait direla; nire lana ondo eginez gero, bertan sailkatzea lortu nezakeela ohartu nintzen. Amets bat izatetik, nire esku dagoen errealitate bat izatera pasa da. Lehenengo helburua bete dut dagoeneko, eta uste dut esperientzia bakarra izango dela. Ze erronka izan dituzu orain arte? Duela lau urte, Txinan izan ziren Olinpiar Jokoetara sailkatzeko txapelketetan aritzeko aukerak izan genituen, baina azken momentukoak izan ziren aukera horiek, eta ez genuen prestakuntza askorik; noski, jendea oso prestatuta dago, eta oso zaila izan zen sailkatzea. Orduko Olinpiar Jokoak pasa zirenetik, azken urteak Londreseko proba handian sailkatzeko helburuarekin igaro ditugu. Era berean, txapelketa asko izan ditugu, eta une oro lehiatzen izan gara. Beraz, prestakuntzak ere moldatu egin behar dira urteko txapelketetara. Munduko txapelketak izan ditugu puntu garrantzitsutzat, baina urte guztian mantendu behar dira emaitza onak. Olinpiar Jokoetan izan direnek esan didate bertan egon behar dela zer sentitzen den jakiteko. Oraingo helburua, beraz, txapelketa horretan emaitza onak lortzea da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide