Arraun Eguna ari dira ospatzen Orion

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 25a

  Orioko Arraun Elkarteak antolatuta, Arraun Eguna ari dira ospatzen Orion, lehenengo aldiz; festak miresmen handia sortu du herritarren artean, goizetik egin dituzten ekitaldietan jende ugari elkartu baita. Izan ere, Oria Ibaiko XVIII. Jaitsierak du festako garrantzia bereziena, baina hori arratsaldean izango da; goizean, berriz, Babyauto Banderan parte hartuko duten taldeak hasi dira beroketak egiten, Orioko Ikastola Aurrean egin duten arraunaren ginkana-n. Hondarribia, San Pedro, Zarautz, Zumaia, Ondarroa eta Orioko arraun taldeetako bina arraunlari ergometroan aritu dira lehendabizi, eta ondoren, patroiak lokotx bilketan aritu dira; tartean, berriz, herri bakoitzeko alkate eta ordezkariek arraunaren inguruko galderak erantzun dituzte. Giro polita sortu da parte-hartzaileen eta bertaratu diren herritarren artean, eta amaierara arte Hondarribia eta Orioren artean lehia izan bada ere, azkenean hondarribitarrek irabazi dute proba. Gaurkoa festa izanik, Egunsenti otxoteak ez du galdu zita, eta horiek kantuan jardun dute ginkana amaitutakoan; bitartean, Eusko Label produktuen dastaketa ere izan da bertan. Arratsaldean izango da ekimenik garrantzitsuena; 15:00etan hasiko dute Babyauto Bandera 57 taldek. Aurten, aspaldiko parte hartze kopururik handiena izango du jaitsierak; tartean, Urdaibai, Hondarribia, San Juan eta San Pedro. Baina eskualdeko talde ugari ere izango dira larunbatean Orion; hala nola, Orioko eta Getariako hiru traineru, Zumaiako bi traineru eta Zarauzko traineru bat. Herritarrek, berriz, banderaren inguruko apustuak egiteko aukera izango dute, 16:00etara bitartean; herriko tabernetan bandera nork irabazi duen asmatu beharko dute. Sari banaketa guztiak, 19:00etan egingo dituzte, plazan. Gauean, berriz, herri afaria egingo dute frontoian, eta ondoren musika saioa izango da plazan, DJ Xabi Arostegirekin.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide