Orioko Udalbatzak 9.226.049 euroko aurrekontua onartu du

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 24a

Orioko Udalbatzak 2012. urteko aurrekontu orokorra onartu zuen atzo. 9.226.049 eurokoa izango da, iazkoa baino %12 txikiagoa. Bildu eta Orain alderdien aldeko botoekin onartu zituzten aurrekontuak, EAJ alderdiak aurka bozkatu baitzuen. Izan ere, aurtengo aurrekontuetan inbertsioek %35 egingo dute behera, eta jeltzaleen ustez, hori da "indartu behar dena". Beñat Solaberrieta Orioko alkatearen esanetan, berriz, "egun dauden azpiegiturak mantentu eta horiek optimizatu egin behar dira". Honen ustez, atzo onartu ziren aurrekontuak "krisi garaietara moldatutakoak dira"; beraz, gaur egungo baliabideak "erantzukizunez kudeatu" behar direla azpimarratu du. Inbertsioei dagokienez, pasa zen urtean 4.654.480 euro bideratu ziren Orioko azpiegituretara. Aurten, berriz, 2.999.826 euro erabiliko dituzte horretan. Orioko Udal Gobernuak adierazi duenez, hainbat inbertsio "estrategiko" egingo dute 2012an: besteak beste, udal kanpineko azpiegiturak berritu egingo dituzte, "kalitatezko kanpina" sortzeko asmoz. Energia aurrezteko plana ere jarriko dute abian, eta lau urtetan gauzatzea aurreikusten du Udalak. Herriko argi instalazio publikoak aldatu egingo dituzte, eta "LED argi sistemaren aldeko apustua" egingo dute, gastuak murrizteko asmoz. Motondo eremuan ingurune naturala berreskuratzeko lanak egingo dituzte. Era berean, lorezaintza eta kale garbiketa zerbitzuak "egungo errealitatera" moldatu behar direla adierazi du Udal Gobernuak; hori hala, zerbitzu orokorrak gauzatzeko %20ko igoera onartu du Udalbatzak. Bestetik, hilerrirako egitasmo bat bideratuko dute, "neurrira egindakoa". Orain arte zegoen proiektua bertan behera utzi du udalak, eta egitasmo berria egiteko 1.100.000 euroko partida 410.000 eurora murriztu dute. Gastuei dagokienez, berriz, pertsonal gastuek, elkarteentzako diru-laguntzek, turismoak, ingurumenak eta zerbitzuek gora egingo dute. Gastu arruntak, oro har, %7 igoko dira, EAJk hala jakinarazi duenez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide