Orioko Udalak idazkera tailerra antolatu du

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 17a

Orioko Udaleko Kultura, Euskara, Hezkuntza eta Festetako batzordeak idazkera lantzeko tailerra antolatu du; "euskara maila ona izanda, ofizioz nahiz afizioz, idazteko premia eta gogoa" duen edozeinek jaso ditzakete eskolak; hau da, antolatzaileek adierazi dutenez, ikastaroa "ez dago pentsatuta hizkuntz perfil jakin bat landu nahi dutenentzat"; beraz, "euskaraz hobeto komunikatu eta egokiago idatzi nahi dutenenentzat" zuzendu dute. Martxoan hasiko da ikastaroa, eta ekainera bitartean iraungo du; guztira hamabost eskola egingo dituzte, hiru ordukoak; saioak astelehen edo astearte arratsaldeetan egingo dituzte Orioko kultur etxean, 17:00etatik 20:00etara bitartean. Iñaki Iturain izango da ikastaroko irakaslea: euskara eguneratzen eta sakontzen irakatsiko du honek; besteak beste, "informazioa modu zuzen eta koherentean" adierazteko oinarrizko kontzeptuak ikasiko dituzte eskoletan; halaber, Euskaltzaindiak emandako azken arauak ere jorratuko dituzte. Ikastaroak 90 euroko prezioa du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide