Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Pilota Elkarteak IV. Gomazko Pala Txapelketa antolatu du beste urte batez, eta hilaren 24an hasiko dira saioak. Atzo arratsaldean egin zuen elkarteak txapelketaren inguruko bilera, eta aurten 13 bikotek eman dute bertan aritzeko izena. Aurreko urtean baino bi lagun gehiago ariko dira lehian, eta elkarteko kideek adierazi dutenez, «gustura» dira ekimenak izan duen harrerarekin. Izena eman duten bikote guztiak gizonezkoek osatzen dituzte, emakumezkoek eta talde mistoek horretarako aukera bazuten ere.
Partidak ostiral eta larunbatetan jokatuko dituzte, Orioko frontoian. Antolatzaileek astean lau partida jotzea aurreikusten dute. Hala, ostiraletan, 18:00etan hasiko dira probak, eta lau partida jokatuko dituzte orduan. Larunbatetan jokatuko dituzte gainontzeko biak, 10:30eatik aurrera.
Parte harte kopurua kontuan izanda, hamabi jardunaldi egingo dituzte hamahiru astetan. Hori hala, astero bikote batek atsedenaldia izango du. Antolatzaileen arabera, hasiera batean guztiak guztien aurka arituko dira, eta lehenengo lau postuetan sailkatzen diren bikoteek semifinalak jokatuko dituzte; finalak, berriz, ekaina amaieran jokatzea aurreikusten dute, sanpedroetan.
Antolatzaileek txapelketa herrikoia izatea nahi izan dute. Kasu guztietan bikotekide bat gutxienez Oriokoa eta Aiakoa da. Elkarteak dio kanpoko herrietatik ere deitu dutela txapelketan aritzeko, baina antolatzaileek herritarrentzako «eragingarria» izatea nahi izan dute.
Frontoiko mantenu lanak
IV. Gomazko Pala Txapelketaz gain, Euskal Herriko Federazioak antolatu duen Euskal Herriko Irekia emakumezkoen txapelketa ari dira jokatzen Orioko pilotalekuan. Duela bi aste inguru hasi zen txapelketa, eta astean lau partida jokatzen dituzte.
Larunbatean izango da Euskal Herriko Irekia txapelketako hurrengo saioa, eta orduan irekiko dute berriro frontoia erabiltzaileentzat. Izan ere, aste honetan zehar mantenu lanak ari dira egiten frontoian, eta itxita dago. Orioko Pilota Elkarteak adierazi duenez, zuloak estaltzen eta margotzen ari dira, eta komunetan egin zituzten txikizioak ere konponduko dituzte. Halaber, elkarteak jakinarazi du aldageletako lanak amaituta daudela dagoeneko. Frontoian egiten ari diren obrak direla eta, pilotalekua irekita dagoela ikusten bada ere, herritarrei ez erabiltzeko eskatu diete elkarteko kideek.