Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Zaragueta Herri Eskolak antolatuta, III. Kros Txikia egingo dute igandean, herriko kaleetan zehar. 2000 urtetik 2007. urtera bitartean jaiotako haurrek hartuko dute parte lasterketan, eta bakoitzak ibilbide desberdina izango du; 2007an eta 2006an jaiotakoek 150 metro egingo dute korrika, eta horien lasterketa 12:00etan hasiko da; 2005 eta 2004ean jaiotakoak, berriz, 12:10ean hasiko dira 300 metroko bidea egiten; beste taldea 2003. urtean eta 2002. urtean jaiotako umeena izango da; horiek, 600 metroko lasterketa egingo dute, 12:25ean hasita; azkenik, 2000 eta 2001ean jaiotakoek izango dute ibilbide luzeena; kilometro bateko bidea izango dute horiek, eta 12:40ean hasiko dute lasterketa.
Lasterketan parte hartzeko izena eman daiteke dagoeneko; Zaraguetako zuzendaritzan edo 943-89 40 52 telefonoan, Orioko kultur etxean eta Karela kiroldegian eman ahal izango da izena. Umeek egunean bertan ere izango dute horretarako aukera, 11:30eatik aurrera.
Korrikalari guztiak 11:45ean elkartuko dira Zaragueta ikastetxeko sarreran, eta proba amaitutakoan ere leku horretan jasoko dituzte umeak. Antolatzaileek, parte hartzaile guztientzat dominak banatuko dizkiete.