
«Saregileen lan duintasuna hobetzeko lehenengo pausoa da jaso dugun titulazioa», adierazi du Lourdes Etxeberriak, Getariako saregileeetako batek. Ana Belen Murua saregile oriotarra ere
bat dator Etxeberriarekin: «Arrantza munduan garrantzitsuak garela nabarmendu nahi dugu. Gure lana egon ezean, arrantzaleek ezin izango lukete itsasora joan». Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako saregileen profesionaltasuna aitortu du. Espainiako Estatuan lehenengo aldiz 61 saregileren zeregina onartu dute; eta tartean dira Getariakoak eta Oriokoak. Getariako 22 saregilek eta Orioko 6k jaso zuten aitortza pasa zen astean, Patxi Lopez lehendakariaren eta Eusko Jaurlaritzako ingurumen, lurralde plangintza, nekazaritza eta arrantza sailburu Pilar Unzaluren eskutik.
Eskualdeko saregileek «gustura» jaso dute aitortza, «azken urteetako aldarrikapenetako bat baitzen». Euren lana gaitua izan zedila eskatzen zuten saregileek, eta horretarako 100 orduko hainbat ikastaro egin dute azken hilabeteetan. Etxeberriak adierazi duenez, informatika, lan arriskuen prebentzioaren edota lehen laguntzen inguruko ezagutzak jaso dituzte. Baina egunerokotasunetik harago, askotariko gaiak jorratu dituzte ikastaroetan. Izan ere, beren lanean erabiltzen ez dituzten sareak ere izan dituzte ikasgai.
Aldarrikatutakoa gertuago
Saregileek jaso duten aitortza «beharrezkoa» zela dio getariarrak. Izan ere, saioetan ikasitakoa «baliagarria» izango zaie. Baina, horrez gain, etorkizunean eragina izango du kualifikazio titulua izateak. «Titulazioaren bitartez, hasiera batean gure lana ez da aldatuko; hau da, tituluarekin ere orain arteko sistemarekin jarraituko dugu lanean. Baina aldarrikatutakoa lortzeko hasierako pausoa da». Gaixotasunak lanak eragindakoak direla aitortzeko eskatzen dute, beste edozeren gainetik. «Gaixotasun asko izaten ditugu, azalekoak, hezurretakoak… Baina ez digute onartzen lanak eragindakoak direnik. Horretarako lehenengo pausoa izan daiteke titulazio hau», dio Muruak. Hala ere, oraindik bide luzea dute egiteko, oriotarraren ustez. «Urrats txikiak egiten ari gara, eta lan baldintzak hobetuko diren itxaropena badugu».
Aurreko astean jaso zuten aitortza, eta «abiapuntua» dela deritzote. Gizarte-segurantza izan nahi dute; hori da beste eskaeratako bat. «Saregileok autonomo gisa egiten dugu lan. Beraz, gizarte-segurantza izatea beste pauso garrantzitsu bat izango da». Etxeberriak, bere aldetik, erretiro adina jaistea eskatzen du. «Arrantzaleak 57 urtekin erretiratzen dira, eta saregileak, berriz, 65 urterekin. Saregileok lanean izaten ditugun balditzak kontuan izanda, erretiroa bi urte aurreratzeko eskatzen dugu».
Aurrerapausoak, pixkanaka
Aldarrikatutakoa lortzeko bidean aurrerapausotzat hartu dute aitortza, baina oraindik «bide luzea» dute aurretik. Bi saregileak hamarkada bat baino gehiago daramate horretan, eta «pixkanaka» bada ere, aurrerapausoak antzeman dituzte azken urteetan. «Lanerako toldoak, egoitza edota aulki altuagoak izatea lortu dugu». Hala ere, urrats garrantzitsuenak Euskadiko Saregileen eta Neskatilen Elkartea sortu zenetik eman dituztela uste du oriotarrak. «Elkartea sortu genuenetik, lan baldintzak hobetzeko eskaerak guztion artean egiten ditugu, eta horrek indar handiagoa ematen digu».