Karmen Zubimendi Orioko bizilagunak etorkinei laguntzen dihardu; duela lau urte inguru hasi zen horretan, eta pixkanaka inguruko etorkinen artean erreferentzia bihurtu da. Ahal duen einean laguntzen diela dio Zubimendik, eta oraintsu SOS Arrazakeria taldeak saria eman dio, egindako lana aitortzearren.
Urola Kostako Hitza-k biharko egunkarian kaleratuko du elkarrizketa osoa.
Nolatan hasi zinen honetan lanean?
Lokutorio bat nuen herrian, eta etorkinak bertara joaten ziren, deiak egitera-eta. Bakarrik zeudela ikusten nituen, eta hitz egiten hasten ginen. Beraientzat topaleku bat izan ohi zen.
Ezer gabe etortzen ziren lokutoriora, eta ez zekiten nora jo. Batzutan bidaitzeko dirurik ez dute, ezta jateko ere, eta horretan ere lagundu diet. Arlo guztietan eman diet babesa; nire arazoa da ez dakidala ezetz esaten. Orain dela bi urte lokutorioa utzi nuen, baina nire telefono zenbakia guztiek dute, eta oraindik askok deitzen didate. Horretan jarraitzen dut, beraz.
Zertan laguntzen diezu?
Etortzen direnean, askotan ez dute logelarik, eta hori topatzen laguntzen diet. Lana bilatzeko bideratu ere egiten ditut. Egia esan, lan hau egiten beraiekin ikasi dut; lehen ez nuen arrastorik ere. Baina laguntzen joan naiz pixkanaka. Horrez gain, mugituarazi egiten ditut. Nondik nora joan behar duten ikasi beharra dute.