Berdin-berdinak Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak elkarte berria jarri du martxan Orion. Ezintasun fisikoak eta psikikoak dituzten pertsonak Orioko Karela kiroldegian jarduten dute igerian pasa den hilabetetik. Izan ere, orain arte Lezora (Gipuzkoa) joaten ziren, eta inguruetan halako elkarterik ez zegoela ikusita, Orion sortzea erabaki dute. «Orain arte Lezon egiten genituen igeriketa saioak, baina bidaiak astunak egiten zitzaizkigun. Gainera, Orioko igerilariak ere parte hartzen dute, eta horregatik herrian elkartea sortzea aproposa iruditu zitzaigun», adierazi du Amaia Iturtzaetak, Orioko Berdin-berdinak elkarteko idazkariak eta taldeko igerilarietako batek.
Elkarteak, igeri egiteaz gain, gizartean integratzea ere badu helburu, eta horretarako modu berritzailea dute. Izan ere, «alderantzizko prozedura» jarri dute martxan herrian; hau da, oraingoz «aniztasun funtzionala» dutenek (elbarriak nahiz bestelako ezintasunak dituztenak) soilik egiten dute igerian Karela kiroldegian, baina otsailetik aurrera «kalteak ez dituztenekin» batera jardungo dute horretan, Iturzaetak adierazi duenez. Honen arabera, normalean «aniztasun funtzionala» dutenek eta ez dutenek bananduta egin ohi dituzte saioak. Bestela, aniztasun funtzionala dutenek «kirol konbentzionalari» heltzen diote lehenbizi, eta ondoren kirol egokituetara pasa ohi dira. Orioko Berdin-berdinak elkarteak, berriz, alderantzizko prozedura lehenetsi du: «Elkarteko izenak dioen moduan, pertsona guztiok berdinak gara. Hala, egitasmo honen bidez guk sortu dugu taldea, eta pertsona konbentzionalak elkartuko dira gurekin». Otsailean ekingo diote ekimenari. Hamar urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, eta dagoeneko eman daiteke izena. Horretarako, Iturzaetarekin jar daiteke harremanetan, 677-24 21 43 telefonora deituta.
Momentuz 11 lagunek osatzen dute Orioko taldea. Gehienak oriotarrak eta aiarrak dira, baina Usurbildik eta Donostiatik ere joaten dira Karelara. Elkarteko zuzendaritzari dagokionez, berriz, Blanca Aranguren da presidentea, eta Javier Quintanilla presidenteordea eta igeriketa konbentzionaleko arduraduna.
Egoitza beharra
Herrian elkarte berria bada ere, etorkizunera begira asmo dezente dituztela jakinarazi du Iturzaetak, eta kiroletik harago, hainbat ekimen egingo dute. Ikasketak osatzeko ikastaroak antolatuko dituzte aurrerantzean. Administraritza, lorezaintzaile edota monitore ikasketak eskaintzeko asmoa azaldu dute. Gisa horretako ekintzak aurrera eramateko, ordea, egoitza behar dutela nabarmendu du elkarteko idazkariak. Egun Orioko Herri Ikastolan elkartzen dira. Udalari eskatu diote egoitza uzteko.
Berdin-berdinak elkarteko kideek astelehen, asteazken eta ostiral arratsaldetan egiten dituzte igeriketa saioak Karela kiroldegian.