Oriok zilarrezko domina lortu du Gipuzkoako aulki mugikor proban

Ane Olaizola 2012ko urtarrilaren 10a

Orioko zortziko gizonezko seniorrek bigarren postua lortu dute  2012ko Gipuzkoako Distantzia Luzeko Arraunketa Olinpikoko Txapelketan. Larunbatean jokatu zuten proba, eta Hondarribiko taldearen atzetik iritsi ziren oriotarrak helmugara, hamalau segundotara. Lehenengo taldeak 17 minutu eta 13 segundotan egin zuen proba, eta oriotarrek 17 minutu eta 27 segundutan burutu zuten. Miguel Angel Villares  entrenatzailearen esanetan, Hondarribiko taldea zen txapelketako faboritoa, baina Orio zen haren «aurkari zuzenena». Azkenean, aurreikuspenak bete egin ziren  Hondarribiko saioan, baina oriotarrek ere «ongi erantzun» zuten, taldea berria dela kontutan izanda. «Ontzia eratzeko prozesua izan dugu, eta orain arte kilometro gutxi egin ditugu batera. Taldekideak elkar ezagutzen ari dira, eta lehenengo postuan egotea kosta egingo bazaigu ere, emaitza onak lortuko ditugu», aitortu du entrenatzaileak. Seniorrak ez ezik, kadeteak, infantilak eta jubenilak ere lehiatu ziren Gipuzkoako txapelketan, eta gizonezko kadetek urrezko domina lortu zuten. Nahiko erraz irabazi zuen Orioko taldeak Gipuzkoako txapelketa. Bigarren postuan geratu zenari, Hondarribiako taldeari, 19 segundutako aldea atera zion. Ahalik eta proba gehienetan Gipuzkoako txapelketako emaitzak datozen proba nagusietarako baliagarriak izango dira. Izan ere, hilaren 21ean eta 29an Euskadiko eta Espainiako txapelketa jokatuko dituzte, hurrenez hurren. Villaresek jakinarazi du oriotarrek bi txapelketetan parte hartzeko asmoa dutela oriotarrek: «Pasa den asteburuan Hondarribiarekin ateratako diferentzia murriztea izango da helburua». Oriok Euskadiko txapelketa irabazteko aukerak badituela esan du entrenatzaileak, baina zuhurra da, Gipuzkoako txapelduna izango baita orduan ere faboritoa. Orioko aulki mugikorreko taldeak txapelketa guztietan parte hartzea du helburu nagusia datorren denboralditako. Hala, ahalik eta distantzia luzeko proba gehienetan lehiatuko da, baina distantzia motzeko probetarako zailtasun handiagoak ditu taldeak. Izan ere, taldeko kide batzuk traineruan ere ibiltzen dira, beraz, KAE1 Liga hasten denean zortziko taldeko ontzian hutsuneak egongo dira. «Aulki mugikor eta traineru proben datak ez datoz bat. Ondorioz, Espainiako txapelketan ez gara lehiatuko. Uztailean jokatuko da», jakinarazi du Villaresek. Maila berreskuratzea Orioko aulki mugikorrak berrikuntza nabarmenak ditu aurtean. Taldea berria da, eta Villaresek ere lehehengo urtea du entrenatzaile gisa. Taldea, oro har, «bide onean» doala nabarmendu du entrenatzaileak. Izan ere, Orioko Arraunketa Ekarteak «azken urteetan galdu duten maila berreskuratzea» du helburu nagusia aurtengo denboraldian, entrenatzaileak adierazi duenez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide