Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Merkataritza Batzordeak erakusleiho lehiaketa antolatu du beste urte batez; gabonetara begira, merkatariek egiten duten lanari bultzada eman nahi diote. Aurten, berrikuntza nabarmena izango du lehiaketak, herritarrek aukeratuko baitituzte saridunak, bozketa bidez. Hilak 21ean, San Tomas Egunean, jarriko dituzte bozkatzeko kutxak Il Gelato, Kutixi, Ogiberri, Goxoki Azkue eta bi Sayaleroak kafetegietan. Bozkatzeko paperak ere bertan izango dituzte eskuragarri.
Urtearen amaierara arte egongo dira kutxak, eta urtarrilaren 2an saridunak zein diren jakinaraziko dituzte. Halaber, merkatarientzat ez ezik, bozkatu duten herritarrentzat ere sariak izango dira; hala, merkatariei honako sariak banatuko dizkiete: Xixario jatetxean afaria eta Itxaspeko hotelean lo egitea eta gosaltzea; bigarrengo saridunak Katxina jatetxean afaria eta Txanka Erreka hotelean loaldi bat eta gosaria jasoko du; hirugarrenari Joxe Mari bodegoian bazkaria oparituko diote, eta laugarren saridunak San Martin Erretegian bazkaria irabaziko du. Sariez gain, irabazle bakoitzari diploma bana emango diete, dendan jarri dezaten.
Herritarren artean, berriz, 50 euroko bi bono zozketatuko dituzte; bono horiek herriko saltokietan erabili ahal izango dituzte.
Merkataritza batzordeak lehiaketarako sariak musutruk eman dituztenei eskerrak eman dizkie; hala nola, Katxiña, Xixario, San Martin, Jose Mari, Itxaspe eta Txanka Erreka hotelari.