Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Herrio Natur taldeak antolatu duen bigarren eskuko jostailuen truke azoka egingo dute larunbatean, hilak 17. Azoka baino lehen, ordea, herritarrek utzitako jostailuak jaso ditu taldeak, eta bihar ere izango dute jolasak lagatzeko aukera; 18:00etatik 20:00etara bitartean, Kosta tailerrean izango dira kideak horretan.
Azken egunetan bildu dituzten jostailu guztiak jarriko dituzte erakusgai larunbatean, herriko plazan. Azoka goizean 10:30etik 13:30era egongo da zabalik, eta arratsaldez 15:30etik 18:00etara bitartean. Herrio taldeak, trukearen bidez, jostailuen berrerabilpena sustatu nahi du, Gabonetako «gehiegizko kontsumoaren inguruan hausnarketa» egiteko asmoz.
Herrio taldeari uzten dizkieten jostailuak egoera onean egon behar dute. Jostailu guztiak biltzen dituztenean, antolatzaileek hiru koloreren arabera sailkatuko dituzte; horia, urdina edo gorria. Hala, herritarrek koloretako txartel bana jasotzeko aukera izango dute, eta azokan kolore berdineko txartela duten jostailua trukatuko dute; «horretarako, mahaietako jostailu guztiak ondo-ondo begiratu eta gustukoena aukeratzea izango dute», adierazi dute antolatzaileek. Bestetik, egunean bertan uzten dituzten jostailuak ere trukatu ahal izango dituzte.
Larunbatean, azokaren azken orduan txartelik ez dutenek ere jostailuak eramateko aukera izango dute; halaber, jostailuak sobran geratuko balitz, antolatzaileek irabazi asmorik gabeko erakunde batera bideratuko dituzte. Egunean bertan, zortzi urte baino gutxiago dituztenek arduradun batekin joan beharko dute.