Auzitegi Gorenak baliogabetu egin ditu Orioko arau ordezkatzaileak

Onintza Lete Arrieta 2011ko abenduaren 5a

Arkupe merkatari elkarteak ohar bidez eman du sententziaren berri, eta Orioko Udalak baieztatu egin dio HITZA egunkariari: Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin ditu Orioko arau ordezkatzaileak. Orain, ikusteko dago horrek zenbaterainoko eragina izango duen herrian. Beñat Solaberrieta alkateak ez du sententziaren inguruan adierazpenik egin nahi izan, baina aurreratu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan dagoela Udala: "Aldundiarekin batera aztertzen ari gara zein izan daitezkeen sententzia honen eraginak eta ondorioak, eta lanean ari gara lehenbailehen konponbideren bat emateko". Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia Gipuzkoako Foru Aldundiak exekutatu behar du. Horretarako bi hilabeteko epea izango du erakundeak. Ikusteko dago sententzia honen eragina zein izango den, eta horixe argitzea eskatu dio Udalari Arkupe elkarteak: "Oraingo Udalari eskatzen diogu jendaurrera irten eta azalpena eman dezatela zein ondorio izango dituen arau ordezkatzaileak baliogabetu izanak". Elkarteak gogorarazi du "urte askoan salatu" izan dituela "Udalaren irregulartasunak", eta udal berriari eskatu dio "aurreko Udalaren bide beretik ez jarraitzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide