Orioko Bildu eta Orain taldeek Arraun eta Piraguismo Teknifikazio Zentroaren inguruko kontuak jarri dituzte jendaurrean; bi taldeek teknifikazio zentroak izango dituen gastu guztiak eta diru-laguntzak zehaztu dituzte, eta horren arabera, 1.412.763,82 eurori egin behar dio Orioko Udalak. Hala ere, zentroa finantziatzeko, erakunde publikoengandik diru-laguntzak jaso dituzte, eta horien ordez hainbat baldintza bete beharko dituzte; tartean, 2013an munduko kopako Sky-surf txapelketa antolatzea.
Bi taldeen arabera, ez da «inongo trasmisiorik egon lehengo udal gobernutik oraingora». Hala ere, gobernu berriko ordezkariak azken hilabeteetan Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Espainiako Kiroletako Goi Kontseilua
erakundeko, Gipuzkoako Piraguismo Federazioko, Euskadiko Piraguismo Federazioko, Kutxa Fundazioko eta Fadurako teknifikazio zentroko ordezkariekin «bilduta eta elkarlanean» egon dira.
Guztira, 5.798.799,22 euroko gastuak izango ditu zentroak, Solaberrietaren arabera; diru-laguntzen kasuan, Kuxak 525.000 euro jarri ditu; Gipruzkoako Foru Aldundiak «sinatutako bi hitzarmenen bitartez 1.000.000 euro» eman dizkio Udalari. Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailak, berriz, 1.812.000 euro inguru eman dizkio; Eusko Jarularitzako Kirol Sailak 700.000 euroko laguntza eman du, eta Kiroletako Goi Kontseiluak, berriz, 300.000 euroko diru laguntza eman du.
Diru laguntza horiek guztiak, hainbat «baldintzekin» eman dizkiete Udalari; hala, Solaberrietaren esanetan, Kutxaren laguntza «hitzartuta zegoen, baina sinatu gabe». «Kutxak bere irudia jartzea eta gaztetxoen elkarteko kanpainak egitea eskatu du». Aldundiak, berriz, dirua «beheko solairuko espazioan %30 arraun eta piraguismo federazioek erabiltzearen truke» eman du.
Jaurlaritzaren Arrantza Sailako laguntzak «arrantzako menpe menpeko» herrietara bideratzen dira, horien artean Orio. «Orioko Udalak erabaki zuen hiru urtetan diru laguntzak eskatzea, Teknifikazio zentroa izenpean. Momentuz, 2010. urtean egin da diru laguntzaren deialdia, baina aurten ez da egon deialdirik». Kirol sailaren laguntza, «ekipemenduaren» kontzeptuan eman zituzten laguntzak: «700. 000 euroko laguntza da, ez aipatu diren 1.000.000 eurokoa. Kopuru hori ez dago hitzartuta eta aginduta. Eusko Jaurlaritzako Kirol Sailak argi utzi zion maiatzera arte Orioko gobernuan egon zen EAJ alderdiari diru-laguntzen topea 700.000 euro izango zela, eta ez zela gehiago izango».
Hala ere, baldintzarik esanguratsuena Espainiako Kiroletako Goi Kontseiluarena da. Udalak konpetentzia libreko diru laguntza batera aukeztu zela esan du Solaberrietak, eta erakunde honek, laguntzak «uretako kirolen munduko kopako frogak egiteko azpiegiturak sortzeko eta egokitzeko» ematen dituela gaineratu du; hau da, honen arabera, dirua jasotzearen truke, Orioko Udalak 2013. urtean munduko kopako Surf-sky txapelketa antolatu behar du; beraz, ekonomikoki Udalak egin beharko du honen gain.
Beñat Solaberrietaren ustez proiektua «ez da arraun taldearen neurrira egin»: «Handia eta garestia da. Arraun elkarteak ez zuen hau guztia behar. Kirol sailak aurreko gobernuari abisatu zion, proiektua neurtzeko». Bi taldeen arabera, «bere momentuan» posible zen «beste alternatiba» bat; halaber, «gauzak atzetik aurrera» egin direla salatu du, besteak beste «obra kontratuak diru laguntzak lortu aurretik» sinatu baitzituzten; orain, gastuen aurrean, bi taldeek eraikinaren «beharrak eta zentroaren funtzionamendua» zehazten ari dira. Era berean, Espainiako Kiroletako Goi Kontseiluaren eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Sailaren diru laguntzak «ziurtatu zituela demostratzeko hitzarmenak edo agiriak» erakusteko eskatu diote EAJri.