Orioko Udalak pozoiaren eta herbiziden erabilera «egokia» arautu egin du

Urola Kostako Hitza 2011ko azaroaren 22a

Orioko Udalak pozoien eta herbiziden erabilera «egokia» izan dadin, aurrerantzean herritarrek bete behar izango dituzten hainbat arau kaleratu ditu. Hala, batetik arratoien kontrako pozoia erabiltzen dutenek produktua erabili dutela adierazten dituzten kartelak jarri beharko dituzte, beti ere «jendea ibiliko den lekuetan» erabiltzen badute. Oro har, herritarrek hamar arau izango dituzte. Halaber, Udalak jakinarazi duenez, baserrietako eta txaboletako herritarrek «pozoia gaizki erabiltzen badute», horrek sortu litzaken kalteen erantzule beraiek izango dira. Sobrak, udaletxera Animaliek pozoia jaten ez badute eta produktua sobratu egingo balitz, berriz, Udaletxera itzuli beharko dute aurrerantzean, hondakina «behar bezala desegin ahal izateko». Hala, pozoia berriro erabili behar dutenean ere Udaletxera jo beharko dute, eta bertako brigadak edota udaltzaingoak banatuko diete. Udalak arratoien kontrako pozoia «behar den lekuetan» bakarrik erabiltzeko ohartarazi du: «Produktua erabiltzen duenak babestuta egon behar du, eta haurrengatik edota animaliengatik urruti erabili beharko du», adierazi du. Halaber, pozoia haurrengatik urruti gorde behar dutela gaineratu dute, baita janari, edari eta pentsuetatik ere. Euria eginez gero, berriz, poltsak zerbaiti lotuta uzteko gomendatu diete, «urarekin pozoi-poltsak mugitzeko aukera saihesteko». Pozoia erabiltzerako orduan, iragazkaitzak diren eskularru egokiak eduki behar direla azpimarratu du, eta pozoia erabili ondoren eskuak ondo garbitzeko gomendioa egin diete. Istripua gertatu eta «ondoeza» izanez gero, berriz, medikuarengana joatean produktuaren etiketa ere eraman beharko dute, «ahal bada». Zentzu horretan, herritar batek pozoia irensten badu K bitamina hartu behar duela jakinarazi du Orioko Udalak, produktua koagulazioaren aurkako pozoia delako. Herbiziden kasuan, Udalak jakinarazi du beraiek erabiltzen dituzten herbizidak ez direla «arriskutsuak pertsonentzat eta animalia koxkorrentzat». Hala eta guztiz ere, Udalak produktu hori erabiltzen duenean eremua seinalizatu egingo du, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen. Azkenaldian herritarrek azaldu dizkieten «kezkei» erantzuteko asmoz arautu du pozoiaren erabilera Orioko Udalak; pasa zen irailean, esaterako, Karkara Orioko eta Aiako orainkarian herritar batek salatu zuen «hilabete gutxiren barruan» bi txakur hil zitzaizkiela «kalean pozoinduta», eta arazoari irtenbidea emateko eskatu zion Udalari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide