Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Zaragueta Herri Eskolak Euskarazko Liburuen I. Truke Azoka antolatu du abenduaren 2rako. Ekimenarekin euskarazko irakurketa bultzatu nahi dute ikastetxeko kideek, eta horretarako hurrengo egunean, abenduaren 3an, ospatuko den Euskararen Egunarekin bat egingo dute. Bide batez, Agenda 21 proiektuaren helburuak jarraituz, «liburuen berrirabilpena» indartzea ere nahi dute azokaren bidez.
Azoka aurrera eramanteko, herritarren laguntza behar dute, eta materialak jasotzeko epea zabaldu dute gaur, eta ostirala bitartean izango dute horretarako aukera.
Liburuak 16:00etatik 17:00etara utzi ditzakete Zaragueta Herri Eskolako sarreran; orduan, ikastetxeko arduradunek liburuan «egoera onean» daudela egiaztatuko dute, eta, hala bada, abenduaren 2an egingo duten truke azokan erabiltzeko txartela jasoko dute. Hasiera batean literatura jasotzeko intentzioa dutela jakinarazi dute kideek, baina bestelako liburuak ere eraman ditzakete ikastetxera. Izan ere, arduradunen ustetan, liburuen truke azoka «aukera polita» da euskaraz irakurtzeko joera aprobetxatzeko.
Ikastetxeak hainbat baldintza jarri ditu azokarako liburuak eramaterako orduan; liburu guztiak euskarazkoak izan behar dute, haur, gazte zein helduentzako liburuak. Halaber, herritarrek behar ez dituzten liburuak «egoera onean» eta «osorik» egon behar dute. Herritarrek nahi beste liburu utzi ditzakete ikastetxean, baina kasu guztietan ere liburuen truke txartel bakarra jasoko dutela adierazi dute ikastetxeko kideek.
Behin liburuak utzita, guztiak sailkatu egingo dituzte, adinaren arabera. Azoka egunean guztiak jendaurrean jarriko dituzte, eta txartela duten herritarrek utzi duten liburuaren sailkapen bereko beste batengatik trukatu ahal izango dute.
Azoka hurrengo astean izango da, 15:00etatik 18:00etara bitartean. Zaragueta Herri Eskolan bertan izango dute herritarrek zita.