Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sanikolasak hasteko oraindik aste batzuk falta badira ere, festetan egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deialdiak zabalik dira dagoeneko; festak antolatzeko bilerak egiten hasi dira Udala eta festa batzordea, eta bertan «urteetako ohiturak eta proposamen berriak» tartekatuko dituzte. Hala, ohi bezala, abenduaren 5ean, San Nikolas bezperan, danborrada egingo dute, eta bertan parte hartzeko izena eman daiteke; herrian kaleratu dituzten eskaera orriak bete behar dira horretarako, igandea baino lehen, eta elkarteko bazkideen lagunek ere eman dezakete izena bertan.
Antolatzaileek ahalik eta herritar gehienek parte hartzea nahi dute, eta horretarako hogei lagun inguruko taldea osatzen saiatzeko eskatu diete oriotarrei; orain arte, herritar asko taldeka ari direla izena ematen aipatu dute, baina banaka ere izena emateko aukera dute herritarrek.
Danbolin musika eskolako banda, herriko txaranga, Salatxo abesbatza eta Harribil dantza taldea ere txupinazoan izango dira, eta danborrada egunerako, bandak eta txarangak San Nikolas martxa, Orioko ereserkia eta Balearen abestia prestatuko dute. Danborradan irtengo direnek ere izango dute prestatzeko aukerarik; hilaren 23tik aurrera entseguak egingo dituzte, kultur etxean, 19:00etan. Egun horrez gain, hilaren 29an, abenduaren 1ean eta abenduaren 3an elkartuko dira; azken egun horretan, 12:00etan izango da entsegua.
Herritarrek barrika edo danborra jo nahi duten aukeratuko dute. Bakoitzak bere jantzi propioa izango du: danbor jotzaileek alkondara zuria, mahoizko galtza, zapia eta txapela eramango dute; barrika dutenek, berriz, marinera, mahoizko galtzak, zapia eta txapela izango dituzte. Parte- hartzaileek, herrian zehar danborrak astindu ondoren, otordua egingo dute plazan; gauean, berriz, Haiek Garaiak festa egingo dute: Txirla, Errusta-Koasta eta Gaztetxeko giroa gogoratuko dute plazan.
Danborradan txaranga ere izango da, eta taldea osatzeko bilera egingo dute bihar, 19:00etan, kultur etxean. Antolatzaileek musika tresnaren bat jotzen dakien edonork parte hartu dezaketela adierazi dute.
Horrez gain, Orioko festa batzordeak herriko txistulariak bildu nahi ditu San Nikolas bezperan kalejira bat egiteko, «festa giro alaian». Taldeak adierazi du herrian «jende asko» ibili dela noizbait txistua jotzen, eta horregatik taldea osatu nahi du; ekimena prestatzeko entsegua egingo dute hilaren 26an, 16:00etan, txistulariek frontoiko aldapan duten egoitzan.