Iaz Orioko Esperientzia Eskolan aritu ziren 33 ikaslek diploma jaso dute

Urola Kostako Hitza 2011ko urriaren 17a

Iaz Orioko Esperientzia Eskolan aritu ziren laugarren promozioko ikasleei diplomak banatu dizkiete gaur, Orioko Udal aretoan egin duten ekitaldian; hogeita hamairu ikaslek jaso dute diploma, eta 2011-2012 ikasturterako izena eman duten beste 24 ikasleei ongi etorria eman diete. Mugabe Elkarteak, Gipuzkoako adineko pertsonen elkarteak, antolatu du proiektua beste urte batez, 50 urtetik gorako gizon-emakumeei formazioa emateko asmoz. Ekitaldian, Mugabeko kideek adierazi dute ikasturte «polita» izan ohi dela, esperientzia eskoletatik haratago, «parte hartzearen eskolak» direlako egiten dituzten tailerrak; hala, aurreko ikasteei zorionak eman dizkiete kideek. Beñat Solaberrieta Orioko alkateak ere ikasle horien «lana eta gogoa» eskertu du. Halaber, egungo gizartean presente dagoen «etengabeko formakuntzaren eredugarri» direla azpimarratu du. Orion, Farfara elkartearen, Oriok Ikastola eta Zaragueta Herri Ikastolaren laguntzarekin ematen dute aurrera Esperientzia Eskola. Horregatik, aurrerantzean ere «jarraitu beharreko bidea elkarrekin lan egitea» dela adierazi du Jon Agirresarobe Hezkuntza zinegotziak, eta Farfara eta bi ikastetxeetako ordezkariek ere lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Mugabek, adinduei formazioa ematearekin batera, belaunaldien arteko harremanak sendotu nahi ditu; hala, «zahartze aktibo baten bitartez, pertsonen bizi kalitatea» hobetzea dute helburuetako bat. Bertan izena emateko epea hilak 14ean amaitu zen, baina informazio gehiagorako 943-22 41 46 telefonora deitu daiteke. Datorren astelehenean, hilak 24, hasiko dituzte eskolak Orion.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide