Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Herri Ikastolak Herri Lasterketa berreskuratu du, eta hilak 23rako antolatu ekimena. Duela urte batzuk arte herrian egin ohi zen halako lasterketa herrian, baina aurten, lehenengo aldiz ikastolak antolatu du: «Duela urte batzuk Orion herri lasterketan parte hartzeko aukera zegoen; orain, ikusi dugu aukera polita izan daitekela ohitura hori berreskuratzeko», adierazi du Iñaki Beraza Orioko Herri Ikastolako zuzendariak.
Hilak 23an, 11:00etan irtengo dira korrikalariak ikastola aurretik, eta horiek bi ibilbide izango dituzte aukeran; izan ere, antolatzaileek adierazi dute lasterketa «ahal duten herritar gehienera iritsi» nahi dutela. Horregatik, ibilbide motza eta ibilbide luzea prestatu dute; ibilbide motza zazpi kilometrotakoa izango da, eta korrikalari horiek zirkuituari itzuli bakarra eman beharko diote. Beste ibilbidea, oinarrian berdina izango da, baina zirkuitua bi aldiz egin beharko dute; hau da, hamalau kilometro izango ditu honek.
Ikastolako zuzendariaren ustez, ibilbidea «polita» da, ia une oro Oria ibaiaren ondotik doalako, eta erabat laua delako: parte hartzaileak herri ikastolatik irtengo dira, eta handik hondartzara joango dira; berriro herrigunera itzuliko dira, eta moilatik zehar, Anibarko Portua auzoraino iritsiko dira. Bertan amaituko da ibilbide motza egin behar dutenentzat lasterketa.
Herri Lasterketan hamasei urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, eta dagoeneko eman daiteke izena; momentuz, Internetez bakarrik iskribitu daiteke, www.herrikrossa.com edota www.oriokoikastola.net helbideetan. Hala, hamalau kilometrotako ibilbidea egin behar duenak hamar euro ordaindu beharko du, eta zazpi kilometrotakoa egin behar duenak, berriz, zortzi euro.
Berazak adierazi du ahal duten parte hartzaile kopuru gehiena internetez lortzen saiatuko direla; hala ere, hurrengo astean amaituko da Internetez izena emateko epea, baina egunean bertan jarriko dute iskribatzeko postua.
«Lasterketan 150 parte hartzaile inguruk parte hartzea espero dugu, baina hori ez da ekimenaren helburu nagusia», nabarmendu du zuzendariak. Aurten, berandu hasi direla antolatzen esan du Berazak, baina aurrera begira ere Herri Lasterketa prestatzen jarraitzeko asmoa dutela adierazi du.
Orioko Herri Ikastolako oinarrizko eremua hezkuntza bada ere, kultura eta kirol esparruak ere bultzatzeko asmoa duela jakinarazi du Berazak, horregatik eskaintzak zabaltzen jarraitzen du ikastolak; izan ere, ekimen honekin batera, beste hainbat kirol saio ere antolatu ohi ditu urtean zehar; hala nola, 3x3 saskibaloi partidak, mendi lasterketa edota triatloia.