Itsaso Legorbururi bost urteko kartzela zigorra ezarri diote

Urola Kostako Hitza 2011ko irailaren 29a

Itsaso Legorburu Orion bizi zen gasteiztarrari bost urteko kartzela zigorra ezarri diote Frantzian, hainbat delitu egotzita; batetik, «terrorismo asmoak dituen gaizkile erakunde baten kide» izatea leporatu diote, eta horrez gain, «arma eta lehergailuak legez kanpo izatea», «lapurreta egin izana ezkutatzea» eta «auto matrikula faltsuak» edukitzea leporatu diote, besteak beste. Joan zen astean epaitu zuten Legorburu, Parisen. Bertako Auzitegi Zentzategiak Legorburu epaitu zuten bederatzi delituen errudun jo du. Halaber, Frantzian zigorra betetakoan herrialde horretatik kanporatzea agindu du auzitegiak. Joan zen ostiralean epaitu zutenetik, hurrengo astelehenera bitartean du Legorburuk helegitea aurkezteko aukera. Legorburu Fleuryko (Frantzia) espetxean dago preso, 2009. urtetik, ETAko kide izatea leporatuta. Urte horretako apirilean atxilotu zuen Frantziako Poliziak Orioko bizilaguna, Frantzia erdialdean dagoen Mezieres-En-Brenne herrian. Orduan, Legorburuk eta honekin zihoan beste pertsona batek auto bat lapurtzeko asmoa zutela adierazi zuen Terrorismoaren Aurkako Frantziako Poliziak. Hasiera batean ihes egitea lortu zuten biek, baina autoarekin istripua izan ondoren Legorburu atxilotu egin zuten, eta besteak alde egin zuen. Hurrengo egunetan Parisera eraman zuten Legorburu, epailearen aurrean deklaratu ostean espetxean sartu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide