Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko koadrillek Gazte Festaz gozatzeko aukera izango dute beste urte batez datorren asteburuan. Herriko gazte asanbladak laugarren urtez antolatu ditu hiru egunetako ekitaldiak, eta beste behin ere musika kontzertuak eta koadrilen arteko txapelketak izango dira nagusi ostiraletik igandera bitartean.
Orioko Gazte Asanbladak Udalaren, Txurrumuski Aisialdi Taldearen, Talai Mendiren eta herriko tabernarien laguntzarekin prestatu dituzte Gazte Festak Aurten, gainera, Gazte Asanbladak herriko koadrilei antolakuntzan parte hartzeko deialdia egin die, eta elkarlanean prestatu dute egitaraua; hala, antolatzaileek adierazi dutenez, aurreko urteetako egitarau antzekoa izango dute herritarrek asteburuan; hala, ostiral gauean danborradarekin emango diote hasiera festari, eta larunbatean, berriz, paella txapelketa egingo dute gazteek; txapelketan parte hartzeko, txartelak salgai dira herriko tabernetan; bihar izango da txartelak erosteko azken eguna, eta bertaratzen direnek elastikoarekin batera 12 eurotan eros ditzakete txartelak.
Paella txapelketarako arroza antolatzaileek emango diete parte hartzaileei, eta eguerdian egingo dute horien aurkezpena. Halaber, parte hartzaile guztiek bazkaria egingo dute plazan. Hurrengo egunean jarraituko du festak, eta aurreko urteetan bezala, koadrilek baltsa lasterketa egingo dute gaztetxetik hasita.
Aurten, ordea, Gazte Festek hainbat berrikuntza izango dituzte; izan ere, antolatzaileek adierazi dute hainbat tabernarien diru-laguntza jaso dutela, eta, beraz, urtero egiten dituzten Girokeriak tabernaz taberna egingo dituzte larunbatean; Girokerietan koadrilek «nahi dutena» egiteko aukera izan ohi dute, beraien artean giro ona sortzeko asmoz.
Horrez gain, orain arte ekitaldi ia guztiak herriko plazan egiten zituzten gazteek, baina aurten Gaztetxeak bizi gehiago izango du, larunbat goizaldean kontzertuak izango baitira bertan.
Gazte Festak asteburuan izango badira ere, girotzen asteko lehenengo ekitaldiak egin zituzten joan zen asteburuan Gaztetxean. Ostiralean, esaterako, koktel gaua eta reggae kontzertua izan ziren; halaber, pasa den larunbatean, baltsa lasterketa prestatzeko aukera izan zuten gazteek, eta bazkaria egin ondoren, hainbat jolas egin zituzten. Ostiraleko saioetan «gazte dezente» elkartu zirela adierazi dute antolatzaileek, eta bihartik aurrera ere harrera beroa izatea espero dute.