Esperantzara kondenatua

Urola Kostako Hitza 2011ko irailaren 9a

Inork ez zuen espero egoera honetara iritsiko ginenik». Horretan bat datoz Orioko arraunlariak. Baita zaleak ere. Orio arraun munduan ikur handiena izan da. Mende osoko ibilbideak tradizio bilakatu du herrian arrauna, eta palmares zabala lortu dute herriko arraunlariek; 1901. urtetik 270 garaipen baino gehiago eskuratu dituzte. Arraunean banderarik garrantzitsuena, Kontxako Bandera, gehien irabazi dituen trainerua izan da. Iraila iristearekin batera Donostiako badia horiz jantzi izan dute herritarrek, eta 31 aldiz izan dute bandera eskuetan. Aurtengo udan, ordea, ez du denboraldi txukuna egin Oriok, eta posturik onenak izatetik beste puntara jaitsi da trainerua. San Miguel Liga hasi zutenetik bukaeratako postuetan izan dira horiak. Dendoraldi amaieran, gainera, mailari eusteko aukera bakanak kendu zizkien Camargok. Azken txanpan denboraldi guztian sailkapenaren buztanean egon denak ere aurre hartu zion, eta Orio azken postura eraman zuen. Horrek, arraunean talderik handienetarikoa izan dena KAE1 mialara jaistea eraman du. Halaber, 20 urte eta gero ez da sailkatu Kontxako Banderarako. «Ez dugu asmatu jarraipena izaten, eta konturatzerako denborak gaina hartu digu», dio Josu Larrarte arraunlari aiarrak. Haren arabera, taldeak ez zuen espero halako denboraldi txarra egingo zuenik, entrenamendu «txukunak» egin baitzituzten neguan: «Sailkapenean erdian ibiltzea espero genuen, baina ez dugu asmatu. Abuztua luze joan zaigu, eta arraunlariak morala baxu dugula amaitu dugu». Arraunlarien ustez, «aldaketa asko» izan dira azken urtean, eta Oriok izan duen gainbehera arraunlari beteranoen bajek edota Joxean Olaskoaga Aizperro entrenatzaileak trainerua uzteak eragin dute. Baina beste hainbat faktore ere izan da tartean: «Akats txikiak egin ditugu, baina akats horiek pilatu direlako gaude egoera honetan. Gainera, trantsizio une batean gaude, kluba eraberritzen ari baita. Beharbada egin diren aldaketak urterik zailenean egin dira, traineruen arteko aldea inoiz baino txikiagoa izan delako aurten. Zorteak ere ez digu lagundu, eta akatsek guztia baldintzatu digute», adierazi du Oier Aizpuruak, Orioko beste arraunlari batek. Azken aukera Orio bezalako trainerua bigarren mailara jaistea «kolpe gogorra» izan dela gaineratu du Aitor Carrillok, taldeko patroiak. Orain, egoera «onartzea» besterik ez zaie geratzen. «Aurrera jarraitu behar dugu. Lana eginez ikasten da, eta orain lehenbailehen igotzea egokitzen zaigu». Hori da taldearen erronka. «Orio bezalako talde batek berriro goian egon behar du». Horretaz ziur da taldea, eta laster izango dela uste dute. Oraindik, ordea, lehenengo mailari eusteko esperantza geratzen zaie arraunlariei. Ligan azken postuan amaitu badute ere, Urdaibai auzia-ren eraginez, hurrengo astean play-off-etan lehiatzeko aukera izango dute, badaezpada. «Amaierara arte borrokatuko dugu, eta play-off-etan saiatu behar dugu lehenengo mailari eusten», dio Aizpuruak. Ez dute, ordea, guztiek berdin pentsatzen. Larrarteren iritziz, «garrantzitsuena» egina dago, eta horrek ez du atzera bueltarik: «Liga galdu dugu dagoeneko, eta hori onartu beharra dugu. Play off-a jokatzea salbuespena da, eta Urdaibairen gaia ez dago gure esku. Ezin dugu kanpoko faktoreen menpe egon». Zentzu horretan, Oriok hurrengo urtean bigarren mailan egon beharko lukeela uste du aiarrak. Erronka berriari aurre Arraunlariek herritarren berotasuna alde izan dute denboraldi osoan, eta horientzat ere jaitsiera «gogorra» da. Benito Lertxundi musikaria zale sutsua da, eta honek ere espero ez zuela aitortu du. Honen ustez, beteranoen faltaren «zama» arraunlari berrien gain geratu da. «Arraunlariek ikasi dute Orio ez dela izena bakarrik, izana ere bai». Horregatik hurrengo urtean «maila hobea» emango dutela uste du oriotarrak. Hala ere, zalea kritikoa da egungo arraun munduarekin, eta arraunlarien artean «fabrika» bihurtu dela adierazi du. Horregatik, diru kontuek ere Orioren egungo egoeran eragin duela uste du: «Oriok harrobian gastatzen du, baina beste batzuk kanpotik osatzen dute taldea. Horrek etorkizuneko taldea zein izango den ez du ziurtatzen. Arraunlariak Orion sortzen dira, baina kanpoan gozatzen dituzte». Zaletuei euren trainerua animatzeko deia egin izan die Udalak azken asteetan, eta horretan jarraituko duela esan du Beñat Solaberrieta alkateak. Honen ustez, arraun taldeak beste erronka bati egin behar dio aurre. Arrauna «herriko izaeraren parte» dela nabarmendu du; horregatik, «lehen bezalako edo laguntza gehiago» emango diotela esan du Solaberrietak. Denboraldi berria hastear Orioko Arraun Elkarteak denboraldi berria hasiko du lasten, eta herriko arraunlariek bertan aritzeko izena emateko bilerak egingo dituzte hurrengo astean. Astelehenean, hilaren 12an, jubenilekin (1994 eta 1995ean jaiotakoak) elkartuko dira, 18:30ean, kiroldegian. Ostegunean, berriz, kadete, infantil eta alebinekin ( 1996tik 2001era bitartean jaiotakoak) egingo dute bilera, 18:00etan, kiroldegian. Arraun elkarteko zuzendaritzak bazkideen esku utziko ditu karguak DOrioko Arraun Elkarteak zuzendaritza eratzeko hauteskundeak aurreratu egin ditu, eta egungo Zuzendaritza Batzordeko karguak bazkideen gain jarriko dituzte hilaren 23an kultur etxean egingo duten ez ohiko batzar orokorrean; hau da, horien kudeaketa onartzen duten edo ez erabakiko dute elkarteko bazkide direnek. Arraun elkartearen egungo egoera dela-eta erabaki dute hauteskundeak aurreratzea, eta zuzendaritza bazkideen aurrean uztea. Izan ere, lau urtetik behin egiten dituzte hauteskundeak, eta azkenekoz duela bi urte egin zituzten. Bilerara agertzen diren bazkideen bi herenen oniritziarekin erabakiko dituzte balizko aldaketak; bazkideek egungo zuzendaritzaren kudeaketa onartzen ez badu, epe motzean hauteskundeak izango lirateke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide