Aurreko Udalak ez bezala, «gardentasunez» jokatzeko eskatu dio Arkupek Udalari

Urola Kostako Hitza 2011ko abuztuaren 11

Arkupe Dendari, Ostalari eta Profesionalen Elkarteak Orioko Udalari «publizitatearen, lehiakortasunean, berdintasunaren eta etika administratiboaren oinarriak betetzeko» laguntza eskatu dio. Izan ere, elkarteak adierazi duenez, Bisiguaren Festan Orioko udal talde berriarengan «jarrera aldaketa» antzeman zuten, merkatariek eta ostalariek aurreko urteetan baino «parte-hartze gehiago» izan baitzuten egun horietan. Beraz, horrek merkataritzaren sektoreari «onura» eragin diola nabarmendu du Arkupek.
Hori hala, jarrera horrekin segitzeko eta beste eremu batzuetara zabaltzeko eskatu dio Udalari. «Udaletxearen sektore publikoari dagozkion hornidurak eskuratzerakoan, obrak egiteko lizitazioetan eta zerbitzuak gauzatzerako orduan gardena» izateko eskatu du elkarteak.
Hori guztia aurrerantzean «legeak agintzen duen moduan» egin behar dela uste Arkupe elkarteak. Izan ere, merkatarien ustez orain arte «tamalez» ez da hala egin. Eskaera gauzatu dadin hiru oinarri plazaratu ditu Arkupe elkarteak; batetik, «admistrazio kontratuen prozesuek gardentasun gehiago izan dezaten, Udalak lizitazioak iragarri ditzan nahi du; bestetik, prozesuak irekitzerako orduan eta enpresen eskaintzak jasotzerakoan, enpresei «gaitasun eta kaudimen» irizpideak ezartzea eskatu dute, «enpresek eskaintzak presta ditzaten eta lehiaketetan parte har dezaten». Azkenik, esleipenen emaitzak «publikoak eta gardenak» izatea nahi dute.
Bestetik, Arkupe elkarteak Udaran zehar hainbat kontzertu antolatu ditu ostiralero, eta ondorengo asteetan ere hainbat musika talde ikusteko aukera izango da. Bihar, Hirak, rock akustikoa lantzen duen taldeak kontzertua eskainiko du. Hilaren 19an, berriz, J. 345 jazz taldeak eskainiko du emanaldia, eta hilaren 27an, Miren Fernandez bakarlariaren kontzertu ikusteko aukera izango da. Fernandezek, gainera, kaleratu berri duen Laztantzen nauen eskua diskoa aurkeztuko du. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira, herriko plazan.
Abuztuaren azken astebururako, hilaren 27rako eta 28rako, Arkupe elkarteak stock azoka antolatu du hirugarren urtez jarraian. Aurten herriko hogei merkatarik hartuko dute parte, eta antolatzaileek adierazi dutenez, «mota guztietako produktuak» aurkituko dituzte bertaratzen direnek. Izan ere, elikagaiak, haurren, helduen eta kirol arropak, iturgintza-lanak edota etxeko tresnak jarriko dituzte salgai. Honako hauek hartuko dute parte azokan: Haiz Bero, Kaioa, Nahikari, Itziar Kirolak, Izarra, Berezi, Argiñe, Dakota. Teo, Ramiro, Anarri, Padrones, Lore Burdindegia, Gozategi frutadendak, Orio’s shop, Ardatza, Uranga burdindegia, Maxuxta, Il Gelato, Lua eta Nahikari.
Antolatzaileen esanetan, herritarrek «gustura» hartzen dute stock azoka, eta batez ere lehenengo urtean izan zuen harrera errepikatzea espero dute.
Azoka hilaren 27an eta 28an zabalduko dute, 10:00etatik 20:00etara bitartean, Herri Ikastola aurreko plazoletan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide