Atzerritarrek eta euskaldunek bat egingo dute Bazkari Mundialean

Urola Kostako Hitza 2011ko abuztuaren 4a

Banaiz Bagara eta Orioko Auzoko elkarteek Bazkari Mundiala antolatu dute iganderako, hilak 7. Euskal Herrian bizi diren euskaldunen eta atzerritarrak batzeko helburuz prestatu dute ekimena, eta Orion izango dute hitzordua.
Elkarteak atzerritarrei edota euskaraz ez dakitenei euskarara hurbiltzeko lanean ari dira, horregatik pentsatu dute elkarteen inguruan dabiltzan guztiak elkartzea. Hala ere, ekimena irekia da, eta edonork parte hartu dezake bazkarian eta egingo dituzten beste ekitaldietan.
Lehenengo aldiz antolatu dute halako ekimena, eta horretarako Orioko Herri Ikastolaren eta Udalaren laguntza izan dute; jatorri desberdinetako herritarrek elkar ezagutzea nahi dute bi elkarteek, eta horretarako ekimen «txiki eta xumea» sortu dute, dituzten baliabideak aprobetxatuz. Bazkaldu aurretik hasiko da festa; izan ere, 12:00etan Porrotx pailazoak zenbait jolas egingo ditu haur eta helduekin.
Ondoren, Auzoko elkarteak herriko produktuekin prestatutako bazkaria egingo dute guztiek, herri ikastola aurreko pergolan; bertaratzen direnek honako menua jango dute: entsaladilla errusiarra, entsalada, paella, postrea eta kafea.
Antolatzaileek adierazi dute, oraingoz 50 lagunek eman dutela izena. Izan ere, bazkarian parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da, 645-73 38 18 edota 661-74 63 00 telefonoetara deituta. Helduek zazpi euro ordainduko dute, eta haurrek bost euro.
Bazkalostean, berriz, euskal nahiz atzerriko abestien kantu saioa egingo dute, eta Patxi Monterok plaza dantzak eskainiko ditu amaitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide