Alemanian probatu genuen lehenengo aldiz halako ontzi bat, eta bertan sortu zitzaigun txinparta. Halako ontziek izugarrizko sentsazioak sorrarazten dituela jabetu ginen orduan», dio Asier Esnal oriotarrak, S.020 ontziaren diseinatzaileak. Asierrek Igor eta Mikel anaiekin eta Jose Alegriarekin batera sortu du ontzi elektrikoa.
Elektrikoa izanik, bateria bidez funtzionatzen du itsasontziak. Hala ere, badu beste berezitasun bat. Izan ere, ontziak atzekaldea irekia du, eta bi ezaugarri horien konbinazioak egiten du ontzia «berritzaile».
Elektrikoa izanik, Asier Esnal diseinatzailearen ustez hainbat abantaila ditu ontziak, besteek ez dituztenak. Gainera, Oriokoa izateak asko eragin diela adierazi du Esnalek: «Itsasoarekin harreman estua dugu, eta arraunean ibilitakoak ere bagara. Barne uretan lasai-lasai ibiltzeko itsasontzia nahi genuen, eta hori ahalbidetzen du honek. Mota askotako ontziak daude itsasorako, baina denak dute gustatzen ez zaigun zerbait».
Izan ere, ontzian modu lasaian paseatzeaz gain, zaratarik eta gasoleo usainik ez duela ateratzen nabarmendu du diseinatzailek. Kontsumo eta mantenimendu aldetik ere merkeagoa dela dio Esnalek.
Duela lau urte inguru hasi ziren diseinatzen ondoren S.020 izango zena. Bost metro inguru neurtzen du ontziak. Beraz, «txikia» izanik, espazioa ahal bezainbeste aprobetxatu nahi izan dute diseinatzaileek. Horregatik pentsatu zuten ontziaren atzea irekita uztea: «Atzea irekia izatea berezia da, baina horrek espazio gehiago uzteaz gain, uretatik gertuago egotea ahalbidetzen du. Gainera, uretara sartzea eta berriro ontzira igotzea errazagoa da modu honetara».
Hala ere, ez dira guztiak abantailak. Bateria bidez ibiltzen denez, abiadura aldetik hainbat muga du; hau da, ontziak ez ditu 11 kilometro orduko baino gehiago harrapatzen. «Norbaitentzat abiadura nahikoa izan daiteke hori, baina itsasoan azkar ibili nahi duenarentzat ez da egokia».
Ibilgailu elektrikoen merkatua oraindik orain «txikia» bada ere, etorkizunean garrantzia handiagoa izango duela uste du oriotarrak. «Bateriekin arazo handia eduki izan dute ibilgailu elektrikoek, baina pixkanaka aldatzen ari da hori, eta ari dira autonomia lortzen».
Dhemen proiektua sortu zuten hiru anaiek duela hamasei urte. Baina proiektua «garrantzia hartzen» zihoan heinean, diseinu industriala lantzen duten Silennis enpresa sortu zuten gerora, eta enpresa horretan diseinatu dute S.020 itsasontzia.
Orain arte bestelako itsasontziak diseinatu badituzte ere, lehenengo aldia izan da halako ezaugarriak dituen itsasontzia egin dutena. Eta gustura dira sortzaileak; herrrian hanbait lagunek probatzeko eskatzen dietela aitortu du Esnalek.